Xua Gurasoekin Etxera

Olatz Lasagabasterren eta Patxi Urangaren bigarren alaba jaio da

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 20a, 10:56

2018ko ekainetik kalean behar zuten arren, Aranjuezeko espetxean preso segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren bigarren alaba jaio dela berri eman du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, familia zoriontzearekin batera. Beste behin ordea, jaiotza honen bueltan, oinarrizko eskubideen urraketak pairatu behar izan ditu familiak.

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak berri eman duenez, jaio da Maddi, Aranjuezen preso segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren bigarren alaba. Uztailaren 18an izan zen, iragan larunbatean. "Goizaldera atera zuten Olatz Aranjuezeko espetxetik ospitalerantz eta erditzea ondo eta azkar igaro zen", berri eman dute. Euskal presoen eta haien senideen eskubideen aldeko bilgunetik "biak ala biak zoriondu nahi ditugu Maddiren etorreragatik".

Beste behin ordea, "lehen Xuarekin egin bezala, gogorarazi nahi dugu familiak ez duela zertan banatuta egon behar. Izan ere, lege arrunta aplikatuz, Olatz eta Patxik baldintzapeko askatasunean jartzeko aukera izan, badelako". 2018ko ekainean bete zituzten espetxealdiaren hiru laurdenak, ordutik egon zitezkeen baldintzapeko askatasunean. Iragan ekainean 11 urte bete zituzten espetxean. Gaurko 2021eko ekainerako dute finkatua irteera data. 

"Patxi Urangari ez zioten onartu erditzean egotea"
Oinarrizko eskubideen urraketak pairatzen segitzen dute egun. Maddiren jaiotzarekin gertatu dena izan da azkena. Olatzekin "preso dagoen kide baten bitartez jakin zuen familiak erietxera eraman zutela eta berehala jarri ziren abian. Arratsaldean Olatzen amak eta Xua bere alabak bisita egitea lortu zuten. Alta, hurrengo eguneko goizean oztopoak jarri zizkieten baina, azkenean, arratsaldez utzi zieten Maddi eta Olatzekin egoten".

Patxiri, haurraren aitari ordea erditze unean egotea eragotzi zioten. Hala azaldu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. "Eskaera egina zuen arren, espetxe berean dagoen Patxi Urangari ez zioten onartu erditzean egotea, beste behin ere aitatasun eskubideari muzin eginda".

Horregatik beste behin, eskubide urraketok salatu eta Xuarekin bezala, orain Maddirekin ere Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatzen du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Exijentzia hau plazaratuko dute uztaileko azken ostiraleko elkarretaratzean, Maddiri ongietorria ematearekin batera. Uda parte honetarako mobilizazio gehiago ere iragarri dituzte.


Euskal presoen eskubideen aldeko datorren mobilizazioak
Uztailak 23-25, ostegunetik larunbatera
Sareren "Izan Bidea" dinamikaren baitan, euskal presoen auzia konpontzeko bizikleta martxa etapaka. Uztailaren 23ko etapa Lekunberrin abiatu eta Hernanin amaituko da, Andoain eta Urnieta zeharkatu ostean. Nahi dutenek abiapuntuan edota Andoainen bertan bat egin dezakete martxarekin. Uztailaren 25ean bestalde, espetxeak eta hiriburuak lotuko dituzten lau etapa iragarri ditu Sarek; Gipuzkoakoa, Martutene eta Donostia artean egingo da. Ekimenean parte hartzeko izena eman aurrez, helbide honetan: http://sare.eus/izan-bidea/bizikleta-itzulia/
Antolatzailea: Sare.

Uztailak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Olatz eta Patxiren bigarren alabari, Maddiri ongietorria eman eta hiruren etxeratzea eskatuko da.

Abuztuak 2, igandea
12:00 Hondartzetako mobilizazioak. Usurbildik Orioko hondartzara joateko deia. Biltzeko gunea; Orioko autopistako zubi azpian.

Abuztuak 28, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.