Ruben Gallego: “Futbolak arrakasta du Txinan eta inbertsio handia egiten ari dira”

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 22a, 09:25

Txinako Guangzhou Evergrande FC futbol taldean ari da lanean. Harrobiko koordinatzailea da baina entrenatzaile lanak ere egiten ditu. Ia hiru urte egin ditu bertan.

 

NOAUA! Guangzhou taldeko kide zara. Nola iritsi zinen bertako harrobira?

Ruben Gallego: Sei bat urte daramatzat futbolean murgilduta burubelarri. Aurretik Madrilen aritu nintzen lanean, telefonia arloan.

 

Oker ez bagaude, lehen urratsak Getafen eman zenituen eta handik Txinara joan zinen.

Arrazoi ezberdinak medio, Madrilera joan nintzen bizitzera. Getafen bizi nintzen eta bertako harrobian hasi nintzen entrenatzen. Handik Ekuatore Gineara joan nintzen, 20 urtez azpiko emakumezkoen futbol selekzioa entrenatzera. Bi urte egin nituen bertan. Epe erdira ez nuen progresio handirik aurreikusten eta Madrilera bueltatzea erabaki nuen. Eta Madrilen nintzela, Txinara joateko aukera suertatu zitzaidan.

 

Zer moduz moldatzen zara Txina partean?

Esperientzia zoragarria izaten ari da. Ez nuen uste futbolak halako arrakasta zuenik Txinan. Berri samarra da fenomenoa, eta eromena da. Inbertsio handia egiten ari dira.

 

RUBEN GALLEGO

“Guangzhou-ren harrobiko taldeen koordinatzailea naiz”

 

Emakumezkoen futbolak ere arrakasta hori al du?

Lehenbizi harrobiko mutilekin aritu nintzen eta orain urtebete daramat emakumezkoen taldea entrenatzen, eta ez da gauza bera.

 

Ikuskaritza-lanak egiten dituzu ala zelaian ere aritzen al zara entrenatzaile lanetan?

Harrobiko talde guztien koordinatzailea naiz. Baina talderen batek lehia garrantzitsu bat duenean, entrenatzaile bezala ere aritzen naiz.

 

Hizkuntzarekin nola moldatzen zara?

Itzultzaileak ditugu baina, zelaian ari zarenean, futbolari lotutako hiztegia menderatu beharra duzu. Bestela, agindua eman, itzultzaileak itzuli eta jokalariei itzulitakoa iritsi orduko, bukatu da partida! Nahikoa ondo moldatzen naiz eta egunero saiatzen naiz zerbait ikasten.

 

Datorren sasoian Guangzhou-n jarraitzeko asmoa al duzu?

Txapelketan emaitza onak izan ditugu eta horrek asko laguntzen du. Berritzeko aukera asko izan ditzaket baina pandemiaren kontu honekin gauzak aldatu egin dira. Irailera arteko kontratua dut baina ez banaiz laster itzultzen, arriskuan egon daiteke nire etorkizuna bertan.

 

“Lan kontratu bat dugunez, bertara itzultzeko itxaropena dugu”

Emaztearekin eta semearekin batera joan zinen Guangzhou hirira, ezta?

Hirurak bizi gara bertan. Batzuetan 10-15 egunez joaten naiz beste herrialde batzuetara harrobirako jokalari berrien bila, baina bestela hantxe izaten gara.

 

Nolakoa da eguneroko bizitza Txina aldean?

Europako hiri handi batean bizitzea bezala da. Hizkuntza da oztopo bakarra. Ingelesa ari da gutxinaka zabaltzen, baina telefono aplikazioek asko errazten dituzte gauzak.

 

Bertan jarraitzeko asmoa al duzue?

Bai, beste bi urtez jarraitu nahiko genuke bertan. Bizi kalitatea askoz hobea da Txinan. Hemen zailagoa da lana eta umearen martxa kontziliatzea.

 

Konfinamendua nola eraman duzue?

Urtarrilaren 18an itzuli ginen Txinatik. Usurbilen 15 egun egin nituen eta Txinara itzultzekoa nintzen. Gauzak hobetzen hasi ziren han eta hemen aldiz okertzen. Une batean, Txinak bidaia guztiak eten egin zituen eta Madrilen geratu behar izan genuen. Telelanean ari naiz geroztik.

Orain ez da erraza bertara joatea. Bisatu berezi bat behar duzu Txinan sartzeko eta bi asteko berrogeialdia egin behar da ondoren. Lan kontratu bat dugunez, bertara itzultzeko itxaropena dugu.