Udalbatzarra

Udaltzaingoak "lehen agentea" izango du

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 09:00

Urte hasieran udaltzaingoaren antolaketa egokitu eta figura berri hau sortzea erabaki zuen Udalak. Ostegun honetako udalbatzarrean, plaza berri honi lekua egiteko udal Plantilla Organikoa eta udal lanpostuen zerrenda aldatzea erabaki zuten udal taldeek aho batez.

Gasteizko Legebiltzarrak onarturiko Euskal Poliziari lotutako legedi berriaren harira, Usurbilgo udaltzaingoaren antolaketaren araudia aldatu zuen Udalak, lehen agentearen figura berria sortuta. Udaltzainburua, lehen agentea eta udaltzainak, udaltzaingoa hurrenkera horretan antolatzea onartu zuen behin betiko udalbatzak urte hasieran. 

Aldaketa honek Plantilla Organikoan eta udal lanpostuen zerrendan Agente Lehenaren plaza sortzea ekarri du. Proposamen hauxe eraman zuen osteguneko udalbatzarrera EHBilduk; plaza berri hau txertatzeko udal Plantilla Organikoa eta udal lanpostuen zerrenda aldatzea. Aho batez onartu zuen udalbatzak, ostegun arratsaldean egin zuten osoko bilkuran.

Udal gobernu taldetik berri eman zutenez, Udaltzaingoko lehen agente berriaren eginkizun nagusia udaltzain burua laguntzea izango da. Edota bera ez dagoenean, hura ordezkatzea. Ordainsariari dagokionez, bere erantzukizun maila aintzakotzat hartuta, udaltzainen (11. mailako soldata) eta udaltzain buruaren (14. mailako soldata) artean kokatuko da agente lehena; 12. mailako soldata jasoko du.