Udalbatzarra

2020ko zerga egutegia egokitu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 09:57

Covid19-ak eguneroko bizimodua eten zigun martxoan. Udalak urgentziaz hainbat neurri hartu zituen; tartean, zergen ordainketa atzeratu eta gai honetan malgutasunez jokatzea. Ondorioz, ezohiko testuinguru honek 2020rako onartua zuen zerga egutegia egokitu beharra ekarri du. Egutegi berri hau gehiengo osoz onartu zuten osteguneko udalbatzarrean.

Covid19-aren eraginez Udalak egin behar izan dituen egokitzapenetako baten berri segidan; 2020ko egutegi fiskala. Iazko udazkenean onartua zuen berez; Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak abenduaren 16an argitaratu zuen. Baina martxoan, "aurreikusi gabeko covid19 birusak astindu ditu plangintza guztiak eta alarma egoeraren ondorioz egutegi fiskala egoera berrira egokitu behar izan da".

Udalak urgentziaz hartutako erabakien artean egon zen alarma egoeraren hasieratik, egoera honek iraun artean zergak ordaintzeko epeak eten eta malgutasunez jokatzea. Ondorioz, 2020ko egutegi fiskala berregokitu dute. Egutegi berria ostegun arratsaldean egindako udalbatzarrera eraman zuen udal gobernu taldeak, onartua izan zedin. Gehiengo osoaren babesa izan zuen, EHBilduren udal ordezkarien bozkena. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Egutegi fiskalak helburu argi bat du Udalaren esanetan; herritarrek argi izatea zer noiz ordaindu behar duten.

2020ko zerga egutegi egokitua
-Martxoak 2-ekainak 19: trakzio mekanizkozko ibilgailuen zerga.
-Ekainak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 1. hiruhilekoa).
-Ekainak 1-uztailak 30: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 1. hiruhilekoa).
-Abuztuak 1-irailak 15: ondasun higiezinen gaineko zerga.
-Irailak 1-urriak 16: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 2. hiruhilekoa).
-Urriak 1-30: espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).
-Urriak 1-abenduak 10: ekonomia jardueren gaineko zerga.