Udalbatzarra

Ordenantza fiskaletako hobarien araudia egokitu dute, enplegua sustatzen duten proiektuak laguntzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 09:33
Etorkizunean Michelin ondoko lur eremuan kokatuko dira, enplegua sustatuko duten Gureak eta Elkar lantegiak.

Bizi dugun osasun krisialdia ekonomikoa eta soziala ere baden heinean, eta datorkigun garai zailari begira, enplegua sustatzen duten proiektuei zuzenduriko hobariak indartzeko hautua egin du Udalak. Horretarako hain zuzen, hobariak arautzen dituen ordenantza fiskalen 11. artikulua egokitzea onartu zuten osteguneko udalbatzarrean. 

Etorkizunean Kalezarren kokatuko den eta jada eraikitzen hasiak diren adinekoen auzune proiektuari Matia Fundazioak eginiko %50eko hobaria aplikatzeko eskaerari baiezkoa eman zion udalbatzak maiatza amaierako osoko bilkuran. Ordenantza fiskaletan jasoa duten moduan, interes bereziko edo udal onurarako proiektutzat jotzen du Usurbilgo Udalak aipatu egitasmoa. Ez da ordea proiektu honi aplikatuko zaion hobari bakarra izango; Udalak indarrean dituen ordenantza fiskalen baitan, udalbatzak onartu beharrik izan gabe, automatikoki irisgarritasunagatik eta energia efizientziagatik ere %90-95 arteko hobariak aplikatuko dizkiote proiektu honi. Orain baita Matiak eskaturiko %50ekoa; hau bai udalbatzarrak onartu beharra zuen eta hala egin zuten duela bi hilabete.

Enplegua sustatzen duten proiektuak laguntzeko
Ildo honetatik, hobarien gaiari dagokionean, hobetzeko tarterik ba ote zen aztertzen segitzeko bidea jorratzea erabaki du Udalak. Hortik osteguneko udalbatzarrera eramandako proposamena. "Garai zailak datoz", zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, bai ekonomiara, euskal enpresetara eta langileentzat. "Hurrengo urteetan enpresa garrantzitsuak datoz gure herrira", gogorarazi zuen. Elkar eta Gureak lantegiak, Michelin ondora. Eta noski, enplegu berriak sortuko dira udalerri honetako lurretan.

Helburu hori sustatzeko, enplegua sortzea bultzatzen duten proiektuak laguntzeko orain arte indarrean ez ziren zerga hobari batzuk aplikatzeko aukerari bidea eman nahi dio udal gobernu taldeak. Inguruko udalerrietan ere aurreikusiak dituztenak. Horregatik proposatu zuen udal gobernu taldeak, ordenantza fiskalen udal araudiko 11. artikulua egokitzea osteguneko udalbatzarrean. Gehiengo osoz onartu zuen proposamena, EHBilduren udal ordezkarien babesarekin. PSE abstenitu zen, EAJ aurka agertu zen.  

Egun aipatu artikuluak, zerga hobariak aplikatzeko 5 aukera jasotzen ditu. Baina 15/1989 Foru Arauak "malgutasun handiagoa eskaintzen du, hala nahi duten udalek bere nahietara egokitu ditzaten hobariak". Hobarien aukera eta esparrua malgutasunez jorratze aldera onartu dute ordenantza fiskalen 11. artikulua egokitzea. Modu honetan geratu da:


HOBARIAK
11. artikulua:
1-Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. Artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hobariak onartu ditu Usurbilgo Udalak:
a) %90 eraikuntzak, instalazioak edo obrak interes berezikoak edo udal onurakoak izendatuta daudenean zirkunstantzia sozial, kultural edo historiko-artistikoak izateagatik edo enplegua sustatzeko baliagarriak gertatzeagatik. Izendapena Udalbatzarrak onartu beharko du, eta subjektu pasiboak eskatuta erabakiko da, batzarkideen gehiengo soilaren aldeko botoekin.
b) %95 eraikuntza, instalazio edo obretan eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen badira autokontsumoari begira. Dena den, hobari hau aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da beroa sortzeko instalazioak Administrazio eskudunak homologatutako kolektoreekin hornituta egotea.
c) %15eko hobaria, etxebizitza babestuekin zer ikusia duten eraikuntza, instalazio edo obrak direnean, subjektu pasiboak eskaera bideratu beharko duelarik.
d) %90 eraikuntza, instalazio edo obrek pertsona ezinduen irisgarritasun eta habitagarritasun baldintzak errazten dituztenean.

Oharrak:
-Ezinezkoa da aldi berean hobari bat baino gehiago aplikatzea. Hau da, eraikuntza, instalazio edo obra bakoitzak hobari bakarra izango du, zergadunarentzat onuragarriena dela alegia.
-Obrak irisgarritasuna eta habitagarritasuna erraztekoak izango dira, eta ondorioz hobaria izango dute, baldin eta ziurtagiri baten bidez udal teknikari batek obra horiek ezinduen irisgarritasuna eta habitagarritasuna hobetzeko derrigorrezkoak direla azaltzen badu.