Udalbatzarra

Covid19-aren eraginez, 2020ko udal aurrekontuak egokitu beharrean

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 14:18
Pelaioeneko proiektuari eragingo diote besteak besteak, 2020ko udal aurrekontuetan egin behar izan dituzten egokitzapenek.

Covid19-ak eragin dituen aldaketa bortitzetara egokitzen goaz eremu guztietan. Baita udalgintza ere. Iazko urte amaieran onartuak zituen 2020rako udal aurrekontuetako hainbat partida aldatu eta egokitu beharrean aurkitu da udal gobernu taldea. Egokitzapenok gehiengo osoz onartu zituzten osteguneko udalbatzarrean.

Ezohiko testuingurua bizi dugu martxoaz geroztik. Covid19-ak geure bizimodua hankaz gora jarri du, baita udal jarduna ere. Urgentziazko hainbat erabaki hartu eta aurrez hartutako beste hainbat errealitate berrira egokitu behar izan dituzte; 2020ko udal aurrekontuak kasu. "Aurtengo aurrekontuetan izango duen eragina handia da".

Iazko urte amaieran onartu zituzten. "Aurrekontuaren exekuzioa ohiko martxan zihoanean ordea, aurreikusi gabeko covid19 birusak astindu itzela eman dio udal jarduerari eta indarrean zen aurrekontuko partidak egokitu behar izan dira, egoera berrira moldatuz". 

Segidan zenbakitan, Udalak hilabeteotarako berritu dituen aurreikuspenak, eta 2020ko udal aurrekontuetan egin behar dituen egokitzapenak. Moldaketok osteguneko udalbatzarrean bozkatu eta onartu zituzten gehiengo osoz EHBilduren aldeko bozkekin. PSE abstenitu zen. EAJ aurka agertu zen.

EGOKITZAPENAK 2020KO UDAL AURREKONTUETAN
-Diru sarrera murrizketen aurreikuspena: 1.526.063 euroko murrizketa (2020ko udal aurrekontuetako sarrerak, 12.375.710 eurokoak ziren).
1.-Zerga bidezko diru bilketa %10 jaisteko aurreikuspena, 440.000 euro inguru gutxiago biltzeko asmoa.
2.-Alarma egoeran eskaini ez diren udal zerbitzuengatik herritarrei kobratuko ez zaien diru kopurua: 180.981 euro.
3.- Foru Aldundiak udalen finantziazio iturri nagusia den foru funtsean aplikaturiko %20ko murrizketaren ondorioz, ia 900.000 euro gutxiago jasoko du Udalak.

-2020ko udal aurrekontu egokitua, 11.532.000 eurokoa izango da.
-682.353 euroko kreditu gehigarriak erantsi zaizkio aurrekontuari: horietatik 337.620 euro aurrez Zumarte Musika Eskolaren eraikina handitu eta birgaitzeko lana bideratzeko eta Udalak duela 15 urte Ugartondon eginiko operazio urbanistiko baten harira ezustean jasotako errekerimendu baten harira, Ogasunari 283.326 euro ordaintzeko.

Murrizketak inbertsioetan soilik
-Ukitu ez  eta indartuko diren sektoreak, orain arteko hirurak: tokiko ekonomia (herri merkataritzaren sustapena), euskal kultura eta herritarren gizarte babesa (elikadura bermatzeko laguntzak). 
-Udal gobernu taldearentzat estrategikoak eta transbertsalak diren sail edo arloak bere horretan mantenduko dira: euskara, kultura, parekidetasuna, aniztasuna, gizarte zerbitzuak.
-Udal diru-laguntzetan murrizketarik ez, ezta aurrekontuen lehen atalean ere, "kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko helburuz". 
-Murrizketa nagusiak udal aurrekontuen inbertsioen atalean. "Geroratu, atzeratu edo moldatu" egin behar izan diren inbertsioak, honako hauek: 
1.-Erroizpeko filtrazio sistema. Proiektu estrategia, ur hornikuntza burujabearen norabidean.
2.-Pelaioenean 2020rako aurreikusia zegoen obra, 2021-22 aurrekontuetara atzeratu da. Parte hartze prozesua udazkenean egitekoa dute.
3.-Aginagako Elutx bideko oinezkoen bidea.
4.-Hondeamakina berria brigadarentzat.
5.-Kiroldegiko harmailak.
6.-Troia eta herrigunea lotzeko bidegorria egiteko aurreproiektua.
7.-HAPOarekin lotutako Etxealdiko prozesua datorren urtean egingo da, udazken honetara atzeratu diren beste parte hartze prozesuenngatik; Zubieta, Emakumeen Etxea, HAPOari lotutakoak (euskara+generoa).
8.- Efizientzia energetikoa bultzatzeko obrak.

-Inbertsio partidetan murriztutako diru kopurua: 971.055 euro.
-Artxiboa berrantolatzeko proiektua (50.000 euro) beste modu batera bideratuko da.