Beroagatik abisu horia ostegunerako

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 28a, 08:14

"Muturreko tenperatura oso altuengatik" abisu horia ezarri du Euskalmet meteorologia agentziak ostegunerako (uztailak 30), baita baso-uste arriskuagatik ere.

Ezohiko udan, baina urte garai honi dagokion giroa izango dugu ostegunean ere. Bero handia izango omen dugu. Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia ezarri du ostegunerako (hilak 30), "muturreko tenperatura oso altuengatik" 12:00-21:00 artean. "Tenperatura maximoak kostaldean 35 ºC, kantauri barnealdean 39 ºC ingurukoak, Iragate-zonan 37 ºC ingurukoak eta Ebro ondoko eskualdean 38 ºC ingurukoak izan daitezke", ohartarazi du meteorologia agentziak.

Horrekin batera, abisu horia izango dugu indarrean eguerdiko 12:00etatik gauerdira, "baso-sute arriskuagatik". Euskalmet-ek gogorarazi duenez, "baso-sute arriskua altua da EAEn tenperatura altuagatik, hego-osagaiko haizeagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik".

Ordura arte, astearte honetan (uztailak 28), "zerua hodeitsu egongo da eta egunaren bigarren partean euria egin lezake. Ipar-haizea ibiliko da, arratsaldean bizi. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira".

Bihar (hilak 29), "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; eguerditik aurrera hodeiak gutxitu egingo dira eta arratsaldean hodei gutxirekin edo partez hodeitua geratuko da. Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Ostegunean, "tenperatura igo eta bero handia egingo du. Hego-ekialdeko haizea harro samar ibiliko da eta termometroa 35-40 ºC artean ibiliko da hainbat bazterretan. Zerua hodei gutxirekin egongo da eta arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira, baina ez dute garrantzizko ondoriorik ekarriko. Egunaren amaieran baliteke kostaldean haizea ipar-mendebaldera aldatzea, bolada gogorrekin, mendebaldean bereziki".