Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzaren agindu berriak indarrean jada

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 29a, 09:49

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak aldatu egin du "Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskina (agindu hori COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa da, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero)". Zenbait aldaketa txertatu dizkio; tartean, ostalaritza guneetako itxiera ordutegi berria. 1:30etan itxi beharko dute tabernek eta gauerditik aurrera soilik terrazetan eserita kontsumitu ahalko da. Dekretu berriak jasotzen dituen aginduak indarrean dira jada.

Musukoa
-Beharrezko neurriak hartzea gaixotasuna hedatzeko arriskurik sortu ez eta arrisku horiekiko esposizioa saihesteko. Osasun agintarien neurriak errespetatzea.
-1,5 metroko gutxieneko segurtasun distantzia pertsonen artean.
-Maskara erabiltzea derrigorrezkoa bide publikoan, aire zabaleko espazioetan nahiz gune itxietan edo jendearentzako zabalik diren tokietan.
-Lantokietan maskara ezinbestekoa ez langileak lanpostuetan eserita egon eta elkarrengandik 1,5 metrora badaude. Ezinbestekoak langileak eserita ez badaude edota espazio komunak partekatzen badituzte.
-Desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasuna edo arnasa hartzeko zailtasuna izan eta maskara erabiltzetik salbuetsita dauden pertsonek gorabehera hori dokumentatu ahalko dute, "mendetasun-maila egiaztatzen duen dokumentu baten bidez, edo mediku-ziurtagiri baten bidez".
-Espazio pribatu ireki edo itxietan bizikideak ez diren pertsonen kasuak biltzean, maskararen erabilera gomendagarria. Nahitaezkoa erabilera komuneko espazio pribatuetan. 
-Ostalaritza guneetan, maskara jan edo edateko kendu ahalko da soilik.
-Hondartzetan eta igerilekuetan bainua hartzerakoan "edo eremu zehatz batean bagaude" maskara ez beharrezkoa, pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatzen bada. Paseatu edo joan-etorrietarako bai. Gehienez 10 laguneko taldeak, pertsonen arteko distantzia bermatuta.
-Maskara egoki jantzi behar da; "sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz".
-Maskara balbularik gabekoa, bere erabilera gomendatua dagoen lanbideetan izan ezik.
-Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.

Jarduera guztietarako jarraibide orokorrak
-Jarduera bakoitzeko arduradun edo titularrak "ziurtatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla". Baita "barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin". Horrekin batera, "pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko ahalegina egin beharko da".
-Txartelarekin edo gailuen arteko kontaktu fisikorik eragiten ez duten beste bitarteko batzuekin ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.

Higiene- eta prebentzio-neurri espezifikoak sektoreka
-Beilak eta ehorzketak: gehienez 60 lagun, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren %60a.
-Kultu-lekuak: gehienez guneon %75a okupatu ahalko da. 
-Ezkontza-zeremoniak eta beste ospakizun erlijioso edo zibil batzuk: kultu-lekuetako araudia.
-Merkataritza guneak: edukieraren %60a, edo bide publikoko azoketan postuen %60a gehienez. Kasuotan Udalek horretara gaitutako azalera handitu ahalko dute. Lehentasunezko zerbitzua eskainiko zaie, 65 urtetik gorakoei.
-Irakaskuntza guneak (euskaltegiak, akademiak, autoeskolak...):  25 pertsonako klase presentzialak gehienez. 
-Lanbide Heziketa: "prestakuntza-jarduera presentziala hasi aurretik, kontingentzia-plan bat izango dute, beren ikastetxeetan COVID-19aren eraginpean egoteko arriskua murrizteko. Plan horrek dagokion prebentzio-zerbitzuarekin koordinatuta egon beharko du, eta osasun-agintaritzak ezartzen dituen jarraibideak jasoko ditu".
-Ostalaritza guneak (tabernak, jatetxeak, txokoak, elkarte gastronomikoak): mahaien artean 1,5 metroko distantzia bermatzen bada edukiera muga ezabatzen da. Gehienez 10 pertsona mahai baten bueltan. 100 pertsona edo gehiago biltzea baimenduta duten guneen okupazioa gehienez %80koa. Barra zerbitzua baimendua bezeroen artean 1,5 metroko distantzia bermatzen bada. Koktel eta buffetetan gehienez 25 laguneko taldeak. 00:00etatik aurrera terrazetan eta eserita soilik kontsumitu ahalko da. 1:30etan itxiera ordua, gehienez 30 minutu lokala uzteko. Irekiera ordu goiztiarrena, 6:00etan.  
-Hotelak, kanpinak eta turismo-ostatuak: eremu komunetako edukiera %60koa. Animazio-jarduerak gehienez 25 lagunentzat.
-Liburutegiak: ohiko zerbitzuak eskaintzeko aukera. Baimenduta duen okupazioaren %60a ezingo dute gainditu. Erabiltzaileek itzulitako materialak gutxienez astebetez "isolamenduan".
-Artxiboak: baimendutakoaren %60a okupatu ahalko da.
-Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak, bestelako kultur-ekipamenduak: baimendutako edukieraren %60a gainditu gabe. Talde bisitak eta ekitaldiak gehienez 25 lagunekoak. 
-Zinema-aretoak, antzokiak, auditorioak, jendaurreko kultur guneak...: baimendutako edukieraren %60ra arte okupatu ahalko da (gehienez 600 lagun).
-Aire zabaleko ikuskizunak: baimendutako edukieraren %60a, gehienez 1.000 lagun. Eserita eta aulkia aurrez esleituta. Ikuskizun ibiltariak, erromeriak... debekatuak.
-Jarduera fisikoa eta kirol instalakuntzak: federatu gabekoetan gehienez 30 laguneko taldeak aire zabalean maskara erabili beharrik gabe. Kontaktu fisikoa badago maskarekin. Kirol instalakuntzetan baimendutako %60a gehieneko edukiera. Aldagelak eta dutxak erabiltzea baimendua. Kirol-modalitate federatu guztietan jarduten hasteko aukera.
-Ehiza eta arrantza: ehiza-jarduera mota guztiak baimenduak, maskarak jantzita eta 1,5 metroko distantzia bermatuta.
-Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak...: gune guztietako jarduerak baimenduak. Jende-pilaketak saihesteko neurri murriztaileak hartzeko aukera. 30 laguneko taldeak gehienez.
-Haur eta gazteentzako aisialdi jarduerak: "Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren ekainaren 10eko Aginduak" baimentzen duena.
-Hondartzak: Aldundi eta udalek sarbide eta edukiera mugatu ahalko dute.
-Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak: edukiera %60ra mugatua. Talde bisitak, gehienez 30 lagunekoak.
-Aire zabaleko parke eta kirol-eremu publikoak: "barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1".
-Diskotekak eta gaueko aisialdi guneak: edukieraren %60an, "dantza-pistarik gabe eta mahaiak dagokien tokian utzita". 00:00etatik aurrera kontsumoa baimendutako espazioetan soilik. Itxiera 1:30etan, 2:00ak arte jendez hustutzeko aukera. Irekiera ordu goiztiarrena, 6:00etan. 
-Zezen-plazak: edukieraren %60an, gehienez 1.000 lagun.
-Joko eta apustuetarako guneak: baimendutako edukieraren %60an.
-Gazteen lokalak: guneotako jarduerak debekatuak.
-Kalean taldean edatea: "osasungaiztasun-egoeratzat hartuko da, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 6.f) artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako".
-Hezkuntza, prestakuntza eta ikerketa jarduerak: "2020/2021 ikasturtearen hasieran indarrean dauden osasun-baldintzen arabera arautuko da". Hezkuntza Sailak ikastetxeetan 2020-2021 ikasturtearen hasieran jarduteko protokolo orokor bat prestatu eta hezkuntza-komunitateari helaraziko dio. Protokolo horretan, hezkuntza-jarduera behar diren segurtasun- eta osasun-bermeekin antolatzeko jarraibideak eta orientabideak jasoko dira. 
-Garraio zerbitzuak: txartelak aurrez saltzea sustatuko da. Legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti.
-Osasun zerbitzuak: "beharrezko antolamendu-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartu beharko dituzte beren langileentzat, erabiltzaileentzat eta, arrazoia edozein dela ere, haiekin harreman fisikoa duen beste edozein pertsonarentzat".
-Gizarte-zerbitzuetako zentroak: kontigentzia-planak egoiliarren eta langileen artean "kutsatze arriskua prebenitzeko", balizko kasuak garaiz identifikatzeko eta  "hala badagokio, egoki diren osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatu behar dituzte". 


Eusko Jaurlaritzaren dekretua osorik, esteka honetan: uztailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria