Koronabirusa

4 diagnostikatu azken 3 egunotan

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 7a, 13:51

Covid19az diagnostikaturikoen kopurua gorantz doa oro har, Usurbil ere horren isla izaten ari da. Osasun Sailak jakinarazitako datuen arabera, koronabirusa antzeman diote 4 herritarri azken 3 egunotan.

Etenik gabe goranzko bide argian doa covid19az diagnostikaturikoen kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak azken egunotan eskaintzen ari den datuen arabera. 

Herriz herriko zenbakiei begira, joera horren isla izaten ari da baita Usurbil. Azken 3 egunotan lau koronabirus kasu antzeman dituzte udalerri honetan; 1 asteartean, 2 asteazkenean eta laugarren bat ostegunean. Uztaila erdialdeaz geroztik (2 kasu zenbatu ziren orduan), ez zen covid19-az diagnostikaturiko herritar gehiago Usurbilen.

Usurbilek eta Lasartek osatzen duten osasun eremuko datuei dagokienean, igoera nabarmena izan da baita covid19-az diagnostikaturiko herritarren kopuruan. Abuztuaren 1az geroztik 1 eta 3 kasu artean antzeman ostean, azken 24 orduotan 11 kasu berri zenbatu ditu Osasun Sailak. Ia denak, 11tik 10 Lasarten erregistratuak.

EAE-ko datuei erreparatuta, 5.929 PCR proba egin dituzte azken 24 orduotan; haietatik 428 positiboak izan dira. 74 Gipuzkoan. 16 pertsona ospitaleratu dituzte, eta 6 ZIU-n daude. Puntu bakarraren azpitik egotea komenigarria den oinarrizko birsorkuntza tasa gaur 1.4koa da.

Datu guztien berri, ondoko estekan: covid19 datuak