Irailean ospatzekoa zen 13. Baxurde Krosa, 2021era atzeratua

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 10a, 12:23

Ehunka lasterkari bildu ohi dituen Baxurde Krossaren hamahirugarren edizioa urtebetez atzeratzea erabaki du antolakuntzak. "2021ean indar gehiagorekin itzultzeko esperantza dugu".

Ondo bidean, irailean ospatuko zen 13. Baxurde Krosa. Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak ordea, bizi dugun osasun krisialdia tarteko, aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki du. Halere urtebete barru indarberriturik itzultzeko esperantzari uko egin gabe. Ordura arte, prestatzen segi eta gure inguruko txokoez gozatzen segitzeko gonbita luzatu dute triatloi taldetik, sare sozialen bidez.

Baxurde Krossak ere horixe sustatzen baitu, eta parte hartzaileek ere horixe baloratzen baitute gehien, bestelako alderdien artean; lasterketak herriko txoko ederrez gozatzeko eskaintzen duen parada. Kaxkoa, Santuenea, Zubieta edota Kalezar inguruak lotu ohi ditu ibilbideak. Aipatzekoa bestalde, haur eta gaztetxoei zuzenduta ospatzen den Baxurde Kross Txikia.

Aurtengoz ez dira ospatuko, "2021ean indar gehiagorekin itzultzeko esperantza dugu", iragarri dute Baxurde Txiki U.T.T.-tik, sare sozialen bidez zabaldu duten ondoko mezuarekin:

BAXURDE KROSSA BERTAN BEHERA
Egun on guztioi,
ulertuko duzuen bezala, aurten bizitzen ari garen egoerarekin, tamalez, lasterketa bertan behera uzteko erabaki definitiboa hartu dugu.
Halere, 2021ean indar gehiagorekin itzultzeko esperantza dugu. Beraz segi entrenatzen eta gure bazterretaz disfrutatzen.
Ondo izan!!
Baxurde Txiki UTT