Gazte ekimena iragarri du Ernaik, Sareren "Izan Bidea" dinamikaren baitan

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 7a, 12:54

Abuztuaren 29rako gazte ekimena iragarri du Ernaik, Sare Herritarraren "Izan bidea" dinamikaren baitan. Datozen asteetan xehetasun gehiago eskaintzekoak dira.

Erronka berri bat finkatu zuen Sarek uztailean; Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometroko bidea egitea; guztira, 3.127.326 kilometroko bidea hain zuzen. "Etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Helburu argia du, "Izan bidea, ibiltarien sarea" izenburupean Sarek abian jarri duen dinamika berriak; "euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz". Oinez, bizikleta gainean, korrika, dantzan... 

Testuinguru honetan, dinamika honekin bat egitea erabaki du Buruntzaldeko Ernaik, tartean baita Usurbilgo bilguneak ere. "Abuztuaren 29an "Izan Bidea" dinamikarekin bat eginez, gazte ekimena burutuko dugu", iragarri dute. "Gazteok bidean gara!!" adieraziz xehetasun gehiago asteotan eskaintzen joango direla berri eman dute.

Kilometroak zenbatzeko aplikazioa
Sarek argitara eman eta albiste honi atxikia duzuen bideoan bakarka nahiz taldean parte hartzeko gonbita luzatzen digute. "Aukera eder baten aurrean gaude. Edozein tokitan zaudela, mugitu, eragin. Zailtasun guztien aurrean irudimenez, aurrera egiteko beldurrik gabe. Itsasoak, urak eta lurrak bat egiten duten lekuan bizi nahi dugulako aske, elkarrekin. Izan gaitezen bidea, elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Etxerako bidea". 

Sarek aplikazio bat sortu du, banaka nahiz taldean egindako kilometro guztiak zenbatzeko. Helbide honetan jaitsi dezakezue: https://play.google.com/store/apps/details?id=eu.akting.sareherritarra

Horrekin batera, "Izan Bidea" kanpainari dohaitzak egiteko aukera dago, kamisetak eta maskarak ere salgai jarri dituzte. Kamisetok jantzita, edota ahoz dinamika hau lau haizeetara zabaltzeko deia egin du Sarek. Sare sozialen bidez ere bai, #IzanBidea edo #IbiltarienSarea traolak baliatuta.

Informazio gehiagorako: http://sare.eus/izan-bidea/