Pako Alkorta agurtzeko aukera gaur beilatokian

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 9a, 10:56

Uda malko artean doakigu Usurbilen. Larunbat goiz honetan Pako Alkorta zendu dela jakin berri dugu. Pilotalekuari estuki lotua izan zuen bere bizitza eta hala oroituko dute askok. Hamarkada luzez aritu zen eskupilota zaletasuna belaunaldi berriei transmititzen eta prestatzen. Kirol jarduera hau sustatzen gogotik lan egindakoa dugu Alkorta. Ondoko argazkian duzue Pako, "Halako batean bagoaz Benidorrera!" antzezlaneko gainerako kideekin batera, Maitere arrebaren alboan. 2019ko otsailean estreinatu zuten Sutegin, Gure Pakea Elkartearen bueltan landu zuten antzezlana.

Larunbat goizean zendu zen Pako Alkorta Lizargarate. 75 urte zituen. Usurbilgo beilatokian agurtzeko aukera izango da Pako Alkorta, igande honetan (abuztuak 9), goiz eta arratsaldez; goizez, 9:00-13:00 artean eta arratsaldez, 16:00-20:00 artean. Bere aldeko hileta elizkizuna, astelehenean (hilak 10) arratsaldeko 19:30etan Salbatore Deunaren parroki elizan.

Lehen dolumin mezuak plazaratzen hasiak dira:

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea
"Mina ari du Usurbilen. Pako Alkorta zendu da gaur, Usurbilen, nagusiki, pilotaren alde lan nekaezina egin duen herritarra. Frontoian oroitzen dut, eguna joan eguna etorri, herriko gaztetxoei esku pilotan erakusten, beti irribarretsu eta gogotsu. Goian bego, Pako!".

Inaxio Usarralde
"Hemengo partida bukatu eta beste bat hasi duk, Pako! Adiorik ez, pilota ez duk gugan geldituko eta, ez eta hi ere! Bejondeiala, asko ikasi diagu hire ondoan ere..."