Entrenatzaile lanetan eta antzezle gisa ere aritutakoa

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 8a, 11:00

Hainbat herri ekimenetan parte hartutakoa da Pako. Azken aldiz, jendaurreko hitzordu batean, antzezle gisa ikusi genuen, 2019ko otsailean. Gure Pakea Elkarteak antolaturiko Jubilatu Astearen baitan, bilgunearen bueltan sei herritar batu eta kultur etxeko oholtzara igo ziren, "Halako batean bagoaz Benidorrera!" antzezlana eskaintzera. Maitere arrebak animatuta parte hartu zuen Pakok. Sutegi goraino bete eta merezitako txalo zaparrada jaso zuten. Iazko jaietarako programatu zuten berriz.

Aurreikuspenak gaindituta, sartu ezinik geratu zen jendea, 2019ko otsailaren 8ko emanaldira. Sutegi gainezka zen, Gure Pakea jubilatu elkartekoen "Halako batean bagoaz Benidorrera!" antzezlanaren estreinaldian. Arrakasta itzela izan zuen umore ukitu nabarmeneko emanaldiak. Eta hitzorduak artista talde bikaina utzi zuen agerian. Zorionak Tarsi Martinez, Isi Navarro, Jone Agirrezabala, Kattalin Arzallus, Maitere eta Pako Alkorta!

Ixabel Agirresaroberen gidaritzapean aurreko asteetan ondutako emanaldiaren emaitza ezin borobilagoa plazaratu zuten. Arrakasta ikusita, ezin baztertu asteotako abenturak segida izango ez duenik genion egun haietan. Iazko jaietarako programatu zuten berriz.

Estreinaldiaren bezperatan elkarrizketatu genuen artista taldea:

_______________________________________________________________________________

Bizitzako gorabeheren isla
Artista talde bikaina osatu da Gure Pakea Elkartearen altzoan. Jubilazio aktiboaren isla argia da, asteotan, lehenbizi Artzabalen eta gero Sutegin ontzen ari diren antzezlana. Eta prestaketa lanen harira darabilten mugimendua.

Otsailaren 8ko estreinaldi egun handi honen atarian dira jada, Tarsi Martinez, Isi Navarro, Maitere eta Pako Alkorta, Jone Agirrezabala eta Kattalin Arzallus. Seikoteak irri ugari eginaraziko digu ostiral honetan, hilaren 8an, 17:30etan hasita Sutegiko auditorioan estreinatuko den “Halako batean bagoaz Benidorrera!” antzezlanarekin. Herritik herriarentzat sortutako antzezlanerako sarrera doakoa izango da.

Izenburua aipatze hutsarekin, Benidorm eta aiton-amonak, irudikatu dezakezue zer ekarriko diguten Gure Pakea Elkarteko kideok. Gure zain dira dagoeneko, eskuzabalik hartuko gaituzte gaur Sutegin. “Jendea etor dadila. Tarte atsegin bat biziko duzue, etorri. Barre egingo duzue gogotik”, adierazi dio NOAUA!ri Maitere Alkortak.

Aurkeztu dizuegu aktore taldea, “denok herritarrak gara” nabarmendu digu Kattalin Arzallusek. “Adineko jendea dena, txorakeria gutxikoa”, Jone Agirrezabalaren esanetan.

Umoretik, gaur egungo aiton amonen bizimodu eta errealitatera hurbilduko gaitu, Jubilatu Astearen baitan eskainiko duten antzezlanak. “Bizitzako gorabeherak sartu ditugu”, aurreratu digu Kattalinek. Erreparatu izenburuari, denbora luzez herritik atera gabe egon ostean azkenean badoazela Benidorrera iragartzen digu. “Azkenean begiak ireki dituzte”, aurreratu digu Maiterek.

Elebitan
Berezitasun bat izango du Ixabel Agirresarobek zuzenduriko antzezlanak; hizkuntza. Elebitan eskainiko dute emanaldia, euskaraz eta gazteleraz. Aktore bakoitza bere ama hizkuntzan mintzatu ahalko da. Natural josi dute istorioa, bi hizkuntzetan. Beharrak bultzatuta egin dute ahalegina. Hasieran antzezleen talde bat euskaraz sortu nahi zen, bestea erdaraz. Baina ezin izan da. Taldearen jarrera irekiak ahalbidetu du bi hizkuntzen erabilera emanaldi bakar eta berean uztartzea. “Nola denen jarrera irekia izan dugun, lortu dugu antzerkia euskaraz hastea, baina pertsonaia batzuk elkarren arteko harremanak gazteleraz dira eta oso erraza da gidoia segitzea. Bakoitzak bere hizkuntzan dituen trebetasunak baliatu beharrak zeuden”, adierazi digu Ixabel Agirresarobek.

Oholtza gainean kide batzuk lehendik ikusi izan ditugu antzerkigintzan, beste batzuk estreinakoz ariko dira jendaurrean otsailaren 8an. “Paperean sartzea kostatzen da pixka bat, baina gozatu behar da eta saiatuko gara”, dio Isi Navarrok.

Tino Martinezek ere herrian estreinako aldia du, baina lehendik aritua da antzerkigintzan. “Hemen ez, Salamancan, emaztearen herrian antzeztu izan dut”. Maitere Alkorta ezaguna dugu zereginotan, oraingoan anaia Pako ere animatu du. “Antzerki munduan ni ere lehen aldiz, ondo”.

Ibilbide bat jorratzeko asmoa
Seikote gisa ere lehen emanaldia izango dute. Aipatu moduan, Gure Pakea Elkartearen baitan osatu da taldea. Antzerkizaletasuna bultzatuko zuen bilgune bat sortu nahi zuten. Kide bila hasi ziren, askorengana jo zuten, baina “denek ezetz. Lotsatu egiten ziren. Hemen gauden kideoi aipatu nien eta eta prest agertu ziren. Halaxe hasi gara”, Kattalinek azaldu digunez.

Antzezlan hau prestatzeko lehen urratsak Gure Pakea Elkartearen egoitzan bertan, Artzabalen eman zituzten. Baina estreinaldi eguna gerturatu ahala antzezlana eskaini behar zuten eskenatokira lekuz aldatu behar izan zuten, “behar den bezala entseatzeko”. Sutegin, “hobeto kokatzen gara”, Kattalinen esanetan. “Lekua handiagoa da eta gure artean mugitzeko egokiagoa. Gainera, antzezlana Sutegin eskaini behar dugunez, hobeto”, Maitereren esanetan. Leku aldaketarekin aldea nabaritu dute, “prestaketa hobeto doa Sutegin”, Jone Agirrezabalaren hitzetan.

Estreinaldiaren bezperatan, otsailaren 8ko emanaldiaren ostean taldeak segida izango ote duen galdetu diegu. “Aurrera egin nahi dugu, jubilatu etxeak hori nahi du”, adierazi dio NOAUA!ri Kattalinek. “Aurrena hau egingo dugu eta ia nola ateratzen den”, esan digu Maiterek.