Koronabirusa

Berrogeialdian diren herritarrek Atez Ateko bulegora deitu behar dute

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 17a, 09:22

Berriz osasun larrialdi egoeran gaudela, gogoratu beharreko oharra; covid19-a izan edo berrogeialdian diren herritarren hondakinak egoki biltzeko Atez Ateko bulegora deitzeko Usurbilgo Udalaren eskaera. 

Konfinamendua hasi eta segituan, Usurbilgo Udaleko Ingurumen sailak hondakinen bilketa sistema egokitu zuen. "Funtsean, modu egokituan, COVID-19 birusak kutsatutakoen edo berrogeialdian zeuden herritarren hondakinak bereizita jasotzea izan da, hasieratik, helburua". Hori egin ahal izateko, egoera horretan zeudenek Udalari egoeraren berri ematea ezinbestekotzat jo zuten, "informazio hori jasotzeko modu bakarra horixe zelako". "Deseskalatze" prozesuan, nahiz gerora indarrean jarri zen "normaltasun berrian" irizpide horiek indarrean jarraitu dute; eta nola ez, hala jarraituko dute gaurtik aurrera ere, osasun larrialdia aktibatu den honetan. Irizpideok zorrotz betetzearen garrantzia nabarmentzen du Usurbilgo Udalak, martxoaz geroztik egin duen moduan.

Berrogeialdian dauden herritarrek "Atez Ateko bulegora deitu behar dute: 900 776 776. Gainerako herritarren kasuan, hondakinak utzi aurretik zein kuboak jaso ostean eskuak garbitu eta kuboak desinfektatzea gomendatzen da", udal iturriek zehaztu dutenez. 

Eskularruak eta maskarak errefusa dira
Bestetik, erabilera bakarreko eskularru eta maskarilak edo musukoak errefusa dira, beraz, edukiontzi grisera (eta inoiz ez lurrera) botatzeko eskatu dute.