Langabetu kopurua goranzko bidean, 299 uztailean

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 24a, 10:44

Osasun krisialdian garenetik gorantz segitzen du langabetu kopuruak. Estatuko Enplegu Zerbitzuak 299 zenbatu zituen uztailean Usurbilen, ekainean baino hiru gehiago. Otsailaz geroztik etengabe gorantz egin du lanik gabeko herritar kopuruak. Martxoan baino 44 langabetu gehiago zituen udalerri honek joan den hilabetean. Kontratazioak halere gorantz segitzen du.

Oraingoan igoera txikia izan da, baina martxoaz geroztik bizi dugun osasun krisialdi honetan etenik gabe gorantz segitzen du langabetu kopuruak Usurbilen. Uztailean 299 zenbatu zituen Estatuko Enplegu Zerbitzuak, ekainean baino hiru gehiago.

Iturri berak plazaraturiko datuak aintzakotzat hartuta, langabetu kopuruak azken hilabeteotan Usurbilen izan duen bilakaeraren isla ondoko zenbakiok. Martxoan 245 langabetu zituen udalerri honek, apirilean 276, maiatzean 290, ekainean 296 eta uztailean 299.

Denboran atzera eginda, adibidez 2016ko irailean izan genuen antzeko datua; 288 langabeturekin. Momentuz halere, hamarkada hasieran izan genuen krisialdi ekonomikoan erregistraturiko langabetu kopuru altuenetik urrun da Usurbil; langabetu gehien 2014ko otsailean erregistratu ziren, 385 guztira.

Emakume langabetu gehiago
Uztaileko datuetara itzulita, 299 langabetuetatik 134 gizonezkoak, gehiago emakumezkoak; 165. Adin tarteei erreparatuta, erdia (148) 45 urtetik gorakoen artean, 121 25-44 urte artekoen artean. Sektoreka, aldaketarik ez; langabetu gehien zerbitzuetan, 209.

Buruntzaldean ekaineko langabetu kopuru bera erregistratu da uztailean ere; 3.790. Jaitsiera txiki bat Gipuzkoan; 75 langabetu gutxiago zenbatu ditu Estatuko Enplegu Zerbitzuak herrialde mailan.

Kontratazioak gorantz
Kontratazio datuei dagokienean, erregistraturiko kontratu kopuruak gorantz egin du azken hilabetean Usurbilen. Apirilean 75eraino murriztu ostean, maiatzean 113raino hazi zen, ekainean bikoitza 227 kontratu erregistratu ziren eta uztailean 299. Ekainean gizonezkoak baino (109) emakume gehiago (118) kontratatu ostean, berriz ere emakumezkoak baino (140) gizonezko gehiago (152) kontratatzera igaro da udalerri hau.

Buruntzaldean ere gorantz egin du kontratazioak; ekainean 1.561 ziren erregistraturiko kontratuak, 530 gehiago uztailean, 2.091. 5.474 gehiago baita Gipuzkoan, guztira 20.679 uztailean.

USURBILGO LANGABEZIA DATUAK
2020ko uztaila
Usurbil: 299.     Buruntzaldea: 3.790.    Gipuzkoa: 39.063.

Sexuaren eta adinaren arabera
Gizonezkoak: 134.
25 urtetik behera: 19.
25-44 urte artean: 41.
45 urtetik gora: 74.
 

Emakumezkoak: 165.
25 urtetik behera: 11.
25-44 urte artean: 80.
45 urtetik gora: 74. 

Sektorearen arabera
Nekazaritza: 9
Industria: 45.
Eraikuntza: 18.
Zerbitzuak: 209.
Aurretik lanik gabe: 18. 

Langabezia Buruntzaldean
Andoain: 832.
Astigarraga: 299.
Hernani: 1.107.
Lasarte-Oria: 956.
Urnieta: 297.
Usurbil: 299.
Guztira: 3.790. 

Langabezia Gipuzkoan
Guztira: 39.063.

KONTRATAZIOA
Erregistraturiko lan kontratuak
Usurbilen: 292.
Aldi baterakoak: 251 (140 gizonezko, 111 emakumezko).
Sektoreka: 55 nekazaritzan, 53 industrian, 12 eraikuntzan eta 172 zerbitzuetan.
Sexuaren arabera: 152 lan kontratu gizonezkoenak, 140 emakumezkoenak.

Kontratazioa Buruntzaldean:
Andoain: 241.
Astigarraga: 266.
Hernani: 756.
Lasarte-Oria: 284.
Urnieta: 252.
Usurbil: 292.
Guztira: 2.091.

Gipuzkoa: 20.679.

Iturria: Estatuko Enplegu Zerbitzua.