"WikiBizi Euskal Herria" ekimenarekin bat egingo du larunbateko Harria Hitz bisita gidatuak

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 28a, 09:27

Herriko kultur altxorrak sakonago ezagutzeko Harria Hitz bisita gidatua antolatu da larunbaterako (abuztuak 29), azken hilabete honetan sarritan antolatzen ari diren moduan. Oraingoan ordea osagai berri bat izango du hitzorduak; "WikiBizi Euskal Herria" ekimenarekin bat egingo du. 15 lagunentzako lekua egongo da gehienez. Bisitarako aurrez eman beharko da izena.

Osasun alarma egoerak hilabeteotan etendako Harria Hitz bisita gidatua uztailaren 25ean itzuli zen herriko kultur agendara. Konfinamendu osteko lehen bisitariek Usurbilgo kultur altxorrak ezagutzeko aukera ezinhobea izan zuten Usurbilgo Udalak eta Ereiten Kultur Zerbitzuak-ek sustatzen duten ekimen honi esker.

Ordutik zenbait larunbatetan antolatzen segi da hitzordua. "Uda eta udazkenari begira sorpresa eta ekitaldi berriak prestatu ditugu zuentzat", iragarria zuten. Larunbat honetarako adibidez; abuztuaren 29an Harria Hitz bisita gidatua izango da Usurbilen. Ohi bezala, herriko kultur altxorretan barrena ordubeteko osteratxoa egingo da goizeko 11:00etan hasita. "Harria Hitz ibilbideak euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta horretarako herrian ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko ditugu bisitan: Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua…".

Euskal Herriko lehen bidaia-gida irekia
Oraingoan gainera, Harria Hitz-ek "WikiBizi Euskal Herria" ekimenarekin bat egingo du. "Euskal Wikilarion Kultura Elkartearen proposamenera batzen gara Usurbilen eta horretarako WikiBizi antolatu dugu Harria Hitz bisitarekin batera", iragarri dute. 

"WikiBizi Euskal Herria" ekimenaren bidez, Euskal Wikilarion Kultur Elkartetik covid19-ak uda parte honetako hainbat jai edota bidaia eten dituen honetan, "gure herria bizi nahi dugu. Horregatik proposatzen dugu WikiBizi Euskal Herria ekimena. Uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte gure herria hobeto ezagutzeko proposamenak biltzeko gunea". 

Euskal Herriko lehen bidaia-gida irekia osatu nahi dute, "zuen herrian zer egin daitekeen, non jan, non lo egin, zer bisitatu... jakin nahi dugu. Gainera, ibilbideak sortzeko aukera ere baduzu". Argazki lehiaketa ere antolatu dute. Hiru gai lehiaketarako: "WikiBizi Ondarea", "WikiBizi Natura" eta "WikiBizi Kultura". Hemen dituzue xehetasunak: WikiBizi Euskal Herria

HARRIA HITZ+WIKIBIZI EUSKAL HERRIA
Abuztuak 29, larunbata
11:00 Usurbilgo frontoian elkartu.
11:05 Harria Hitz bisita gidatua herrigunean+Wikibizi
12:00 Amaiera

Bisitaren prezioa: 5 euro.
Izen ematea: aurrez 943 39 28 71 telefono zenbakian edo info@ereiten.eus helbidean.
Lekua: 15 lagunentzat gehienez.
Informazio gehiago: ereiten.eus