Koronabirusa

Baliabideak eskaintzeko hartuemanetan da Udala ikastetxeekin

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 28a, 14:01

Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez egunotan adierazi duen moduan, "gure herriko ikastetxeekin hartu-emanetan eta udal baliabideak eskaintzen" dabiltza egunotan, helburu argi batekin; "eskola presentziala eta hezkuntza komunitatearen osasuna lehenesteko".

Usurbilgo Udarregi Ikastola, Aginagako eta Zubietako eskolak, baita oinarrizko nahiz erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxeak guztiz ezohikoa izan eta covid19-ak zeharo baldintzatuko duen 2020-21 ikasturtea prestatzeko lanetan dabiltza jada. Ohi baino lehenago itzuliak dira oporretatik hezkuntza guneotako hainbat langile, antolaketa lan guztia bideratzera. Usurbilgo Udala ere zentro hauekin hartuemanetan da jada, "udal baliabideak eskaintzen", Agurtzane Solaberrieta alkateak egunotan sare sozialen bidez adierazi duenez. 

Espazio publikoak zerrendatzeko eskaera
Egunotan hedabideek zabaldu eta ostiral eguerdi honetan bertan Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak baieztatu duen moduan, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei laguntza eskatu die. "2020-21 ikasturtea laster hasiko dela ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak udalen laguntza eskatu du, ikasturtearen hasiera ahalik eta ondoen joan dadin", dio EUDEL-ek aipatu hiru herrialdeetako udaletako alkateei helarazi dien gutunak. 

Laguntza zehatza eskatu die EUDEL-en lehendakari elkarteburu eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran Agirrek EAE osoko udalerriei; udalerri bakoitzak dituen espazio publikoak datozen hilabeteotan sor daitezkeen hezkuntza beharretarako zerrendatzea galdegin die. "Laguntza eskatzen da haurrak eta nerabeak aurrez aurre eskolatzea bermatzen duten udal espazio publikoak identifikatzeko, ikasleak beste toki batean kokatzea beharrezkoa den kasuetarako, eskatutako osasun-baldintzak betetzeko xedearekin". Guneok zerrendatu eta harremanetarako kontaktuen berri emateko irailaren 4ra arte epea eman die EUDEL-ek Udalei.

Presentzialtasuna eta osasuna lehenestea helburu
Usurbilgo udalerriari dagokionean, Udala jada lanketa betean dela adierazi du egunotan sare sozialen bidez, alkate Agurtzane Solaberrietak. "Horretan gabiltza azken asteotan, gure herriko ikastetxeekin hartu-emanetan eta udal baliabideak eskaintzen, eskola presentziala eta hezkuntza komunitatearen osasuna lehenesteko".