Operarioen lan-poltsa osatzeko behin behineko zerrendak onartuak

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 31a, 08:25

Behin behineko zerrenda hauei erreklamazioak aurkezteko epea zabalik egongo da irailaren 3ra arte, Usurbilgo Udalak berri eman duenez. Irailaren 24rako finkatu du Udalak, hautagaientzako lehen proba.

Usurbilgo Udala operarioen lan-poltsa osatzeko lanetan ari da. Martxoan abiatu eta konfinamenduak eten zuen deialdiak aurrerantz segitzen du. Uztailaren 17ra arte zabalik izan zuten eskabideak aurkezteko epearen baitan, 108 pertsonek izena eman zuten. Urrats berria eman du orain Udalak; onarturiko eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrenda argitaratu zuen abuztuaren 25ean. Zerrenda honi erreklamazioak aurkezteko irailaren 3ra arteko epea zabaldu du. Tarte hau igarota erreklamaziorik ez balego, zerrenda hau behin betiko onartutzat joko da.

Horrez gain, hautagaientzako lehen probarako hitzordua ere finkatu dute. Irailaren 24rako goizeko 9:00etan Oiardo Kiroldegian.

Operarioen lan-poltsa osatzeko deialdia zertan den jakiteko, udalaren web orrialdeko esteka honetan klikatu dezakezue: usurbil.eus

Konfinamenduak etendako deialdia
Covid19-aren eraginez, alarma egoera indarrean jarri bezperatan (martxoaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) argitaraturiko deialdi baten oinarrien forma akats bat zuzendu eta berriz plazaratu zuen Usurbilgo Udalak, ekainaren 25eko GAO-n. “Oposaketa-lehiaketa irekiaren bidez”, Udaleko brigadan lan egiteko operarioen lan-poltsa berria osatzeko deialdiaz ari gara. Ekainaren 26az geroztik izen emateko 15 laneguneko epea zabaldu zuen Udalak uztailaren 17ra arte. 

Lanpostuotako eginkizunak, besteak beste honako hauek izango dira: bide publikoen, hiri saneamendu sarearen edota fatxaden garbiketa; esleituriko ibilbideen egoeraren jarraipen lana; igeltseritza lanetan, udal elektrikariari edota iturginari lagundu; atez ateko bilketan hainbat lan osatu; hilerriko lanetan lagundu...

Berez, martxoaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Udalak deialdi honi lotutako oinarriak. Biharamunean ordea, covid19-aren eraginez, alarma egoera indarrean jarri eta eskabideak aurkezteko epea etenda geratu zen.