"Usurbil Zabalik"

Hutsik diren lokal komertzialak biziberritzeko udal diru-laguntza deialdia

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 2a, 10:31

Hutsik diren herriko lokal komertzialetan jarduera berri bat abiarazi nahi duenak Usurbilgo Udalaren diru-laguntza deialdira eskabidea aurkezteko aukera du, irailaren 30era arte. Gai honi buruzko informazio zabala, zabalik.usurbil.eus atarian jaso daiteke.

Udal deialdi honen xedea, hutsik diren lokal komertzialak biziberritzea litzateke. "Usurbilgo herri gune eta auzoetako jarduera sozioekonomikoa berreskuratu eta sustatzea, eta tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu eskaintza indartzea dira Usurbilgo Udalaren helburuak".

2015etik zabalik du lokal hutsen erabilera sustatzeko laguntza lerro hau baita  erakusleiho eta fatxadak atontzeko ere. Iaz gainera, jarduera berri bat abian jarri nahi zuten ekintzaileek lokalak aurkitzeko zituzten zailtasunak kontuan izanda, "jarduera ekonomikorik gabeko merkataritza lokalen Poltsa Publikoa" osatu zuten. Une honetan 14 dira herri erdigunean hutsik diren guneak. Zerrenda osoa zabalik.usurbil.eus udal atarian kontsulta dezakezue. Horrekin batera, gai honi buruzko informazio zabala; intesdunek eskura dituzten laguntzen nondik norakoak, dokumentazio interesgarria, ekintzaileentzat jarduera berri bat martxan jartzeko gida, lokal jabeentzat egitasmoan parte hartzeko argibideak...

Bi urterako laguntza
Guneotako batean negozio berri bat jarri nahi duen ekintzaileak diru-laguntza eska diezaioke Udalari. Jasotako dirua, lokalaren alokairua ordaintzeko litzateke. "Diru-lagun­tza honen bitartez gehienez ere bi urteren alokairu gastuak diruz lagunduko dira: lehenengo urtean alokairu gastuaren %40a, gehienez ere 300 € hilean; bigarren urtean gastuaren %30a, gehienez ere 200 € hilean".

Ekintzailea Usurbilen bizi daiteke edo ez. Lehentasuna izango dute, "herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskain­tzen ez zaizkien zerbi­tzu­ekin lotura duten proiektuek" edota "ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek". 

Ekintzaileak ezingo du lokalik jabetzan izan, aurrez hutsik zegoen alokairuan izan beharko du lokala, gehienez 5 langileko lan taldea izan beharko da... Eskabideak irailaren 30era arte aurkeztu ahal daitezke. 

Informazio gehiagorako:
zabalik.usurbil.eus
enplegu@usurbil.eus
943 371 951