2020-21 ikasturtea

Matrikulazio epea zabalik Etumeta AEK euskaltegian

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 2a, 09:31

Matrikulazio kanpaina aurkeztu du AEK-k, irakasleak erdigunean jarrita; "AEKn, irakasle batek bik beste balio du" dio hain zuzen izen ematerako hautatu duten leloak. "Unean uneko osasun-neurrietara egokituta" izan eta urriarekin batera abiatuko duten ikastaro eskaintzaren berri eman dute.

Euskararen ezagutzan sakondu, maila hobetu edota ikasteko garaia bueltan datorkigu irailarekin batera. 2020-21 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur AEK-k, irakasleak kanpainaren erdigunean jarrita; aurtengorako "AEKn, irakasle batek bik beste balio du" leloa hautatu dute. "AEKn, irakasle batek bik beste balio duela diogu, alde batetik, irakasleak gai direlako ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala. Txanpon beraren bi aldeak dira: irakasleen esperientzia eta eskarmentua, eta, bestetik, irakasle horien pasioa eta gogoa".

Urrian hasiko den ikasturte berrirako eskaintzari dagokionean, "unean uneko osasun-neurrietara egokitua" egongo da. "AEKn, testuinguru berezia izanik ere, aurrera segituko dugu", iragarri dute. Ohiko ikastaroak eskainiko dituzte, prebentzio neurri guztiak hartuta. "Irakasleengandik hasita, AEKn ahalegin berezia egingo dugu ikasturte berri eta berezi honetarako. Adierazi bezala, aukera bat baino gehiago dago euskara ikasteko, eta horrez gain, era bakoitzeko plana egokitu dugu, bereziki, aurrez aurreko ikastaroekin, eskolak emateko modua eta antolaketa egoera berrira egokituta. Gainera, AEKn, hilabete hauetan plan berezi bat osatu dugu, etor daitekeen guztiari irtenbiderik onena topatzeko".

Aurrez aurrekoak eta online bidezkoak uztartuta
Hemen iragarri duten eskaintzaren berri, " etxeko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila ezagutzeko...":
-Aurrezko aurreko taldeak euskaltegietan: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak.
-Autoikaskuntza euskaltegian.
-Eredu konbinatua: aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta. 
-Online ikastaroak.

Eskualdeko erreportajea
Buruntzaldeko hedabideok (Kronika, Aiurri, Txintxarri eta NOAUA!) eskualdeko euskaltegietako matrikulazio kanpainari lotutako erreportajea argitaratuko dugu astebete barru. Kanpaina honen sustatzaileak ditugu Buruntzaldean, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalak eta euskaltegiak.

Usurbilen Etumeta AEK euskaltegia dugu. Bideotatik jaso ahal izango duzue eskura duten ikastaro eskaintza zabalaren berri:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es