2020-21 ikasturtea

Euskara doan ikasteko aukera Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 2a, 09:27

Finkatutako baldintzak betetzen dituzten ikasleei matrikulazioaren %100ean laguntzen die Usurbilgo Udalak. Abuztuaren 19an eman zituen argitara aurreko ikasturteko ikasleei dagozkien laguntzei lotutako behin behineko ebazpenak.

Usurbilen euskara doan ikasi daiteke azken urteotan, Usurbilgo Udalak plazaraturiko diru-laguntza deialdiari esker. Matrikulazio kostuaren %100a diruz laguntzen die, 600 euroko mugarekin, baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten euskara ikasleei. Horretarako besteak beste, Usurbilen erroldatua egon eta "%80ko asistentzia eta gutxieneko aprobetxamendua" egiaztatu behar da.

Horrekin batera, behar ekonomiko bereziak dituzten euskara ikasleei zuzenduriko diru-laguntza lerroa ere badu Usurbilgo Udalak. Egoera hau egiaztatua duen herritarrari matrikulazio kostuaren dirua aurreratzen dio Udalak.

Duela aste gutxi, abuztuaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu zituen Udalak, iazko ikasturteko eskabideen behin behineko ebazpenak. 2019-20 ikasturtean euskara ikasten aritutakoek ekainaren 29tik uztailaren 10era aurkezturiko ebazpenenak. 45 eskaera izan dira aurten.

EUSKARA IKASTEKO 2019-20 IKASTURTEKO DIRULAGUNTZAK
Xehetasunak: 2019-20 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako udal diru-laguntza deialdia.
Herritarrek aurkezturiko eskaera kopurua (ekainak 29-uztailak 10): 45.
Behin behinean onarturiko diru-laguntza guztira: 20.990,86 euro.
Informazio gehiago: abuztuaren 19ko GAO

EUSKARA IKASTEN ARI DIRENENTZAKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIA
Xedea
"Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2019-2020 ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak emateko".

Diru-laguntzen zenbatekoa

-Matrikula kostuaren %100a, 600 euroko mugarekin, %80ko asistentzia eta gutxieneko aprobetxamendua egiaztatzen bada.

Baldintzak 
-Usurbilen erroldatua egotea.
-16 urtetik gora izatea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea. Autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea.
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea; Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa.

Diruz lagunduko diren ikastaroak
HABEk homologatutako ikastaroak:
-Autoikaskuntza.
-EGA, alfabetatze ikastaroak, eta C2 mailakoak.
-Udako ikastaroak eta barnetegiak; ez da laguntzarik emango egoitza gastuetarako. Familia barnetegien kasuan, gurasoen egoitza gastuen erdia lagunduko du diruz Udalak.
-Xede berezietako ikastaroak; merkatari eta guraso taldeak.

Ikastaro ez homologatuak:
"Modulazio txikikoak, baina beti ere ikasturtean zehar urrats bat gainditzen bada".


BEHAR EKONOMIKO BEREZIAK DITUZTEN EUSKARA IKASLEENTZAKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIA
Xedea
"Usurbilgo Udalari garrantzitsua iruditzen zaio herritarrek euskara ikastea. Gero eta gehiago dira Euskaltegiko matrikula ordaintzeko arazo bereziak dituzten herritarrak.  Bide honetatik, behar ekonomiko bereziak dituzten herritarrei euskara ikastea erraztu nahi zaie. Oinarri hauek dirulaguntza hauek emateko baldintzak jasotzen dituzte". 

Diru-laguntzen zenbatekoa
Matrikula kostuaren %100a, 600 euroko mugarekin, %80ko asistentzia eta gutxieneko aprobetxamendua egiaztatzen bada.

Baldintzak
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Behar ekonomiko berezia duen euskara ikaslea izatea.
-Behar ekonomiko berezia duten herritarrei euskaltegiko matrikula kostua aurreratuko zaie.
-2020ko uztailetik 2021eko ekainaren 30era eginiko ikastaroak lagunduko dira diruz.
-Dirulaguntza eskaerak euskaltegiko matrikulazioa bideratzerakoan aurkeztu beharko dira. 
-Dirulaguntzen zuriketa 2021eko uztailaren 5etik 9ra egingo da.