"Gertuago" 2. fasean

“Osasuna abiapuntu eta helmuga, herria berpiztea, bizitzea tokatzen zaigu orain”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 4a, 13:09

"Gertuago" egitasmoaren 2. fasea abiarazita, erosketa-bonu gehiago eskuratu ahalko ditugu, saltoki gehiagotan xahutzeko. Herri merkatari eta ostalariak konfinamendu aurretik, bitartean eta itxialdi ostean gure beharrak asetu eta gure osasun zein bizitza babesten aritu ostean, "orain guri dagokigu haiek zaintzea eta gu gertu sentiaraztea”, diote egitasmo honen sustatzaileek. 

Udaberriko itxialdiak kolpaturiko herri merkataritza eta ostalaritza laguntzeko, itxialdiak “eragindako kolpea nolabait arindu asmoz jarri zuen martxan Usurbilgo Udalak” Gertuago egitasmoa, Hurbilago Elkartearekin eta sektorearekin elkarlanean. Xede argi batekin; “herritarrek herrian eros dezaten bultzatzea, tokiko kontsumoa lehenestea, erosketa ohitura berriak eragitea eta modu horretan, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea zaindu, babestu, sustatu eta prestigiatzea”, alkateak ostegun honetako (irailak 3) aurkezpenean gogorarazi zuenez.

Lehendik bezala, konfinamendu garaian eta gerora ere gugandik gertu izan eta gure bizimodua eta osasuna zaintzen aritu den herri merkataritza eta ostalaritza, “ guri dagokigu haiek zaintzea eta gu gertu sentiaraztea”.

Aste luzez “herria hilik” eta “pertsianak itxita” izan ostean, “osasuna abiapuntu eta helmuga, herria berpiztea, bizitzea tokatzen zaigu orain”. Tartean, hau bermatzen duen herri merkataritza eta ostalaritza sektorea. “Herri erronka baten aurrean gaude. Ez dut dudarik, elkar harturik, elkarlan eta lankidetzatik elkartasuna eta komunitatearen zaintza oinarri, aurrera egingo dugula”.

“Jendea bigarren fasearen zain zen”
Gertuago egitasmoaren bigarren fasearen aurkezpenean parte hartu zuten herriko merkatari eta ostalari hainbatek. “Oso gustura gaude Udalaren aldetik dugun laguntzarekin”, Lizardi liburu dendako langile Irati Artzeren esanetan. Ekimenak izandako harrera nabarmendu zuen. “Jendea bigarren fasearen zain zen, erosketa-bonuak berriz ateratzea nahi zuela ikusi dugu”.

Bigarren fase honetan “Gertuago”-rekin bat egin duen Bordatxo tabernako langile Paulino Ibargoienen esanetan, “jendearen erantzuna ona izango dela iruditzen zaigu”.