Mikel Laboa plaza eta Artzabal arteko bideko lanak, azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 5a, 09:49

Joan etorrietarako bidea zabalik da, Usurbilgo Udalak jakinarazi bezala. Artzabal eta Mikel Laboa plaza lotzen dituen bideko lanak azken txanpan dira jada.

Irisgarriagoa izateko lanetan dira Mikel Laboa plaza eta Artzabal lotzen dituen Kontzeju Zarra eta Zubiaurrenea kaleetan. Uztaila erdialdera abiaturiko obrak azken txanpan direla jakinarazi du Usurbilgo Udalak. Azken asteotan itxita egon diren Zubiaurrenea eta Bordaberri kaleak zabalik daude jada. "Mikel Laboa - Artzabal arteko obrak amaitzen ari dira. Zirkulazioa libre da dagoeneko", berri eman du Udalak.

Oraindik zenbait lan egiteke dituzte ordea. "Altzariak eta landaredia jartzea falta da, hormigoia leuntzea...", zehaztu du Udalak.

Kaxkoa irisgarriago bilakatzeko urrats gisa definitzen ditu lanok Udalak. "Aurreko legealdian egindako
#KaleIrekiak parte hartze prozesua du oinarri obran, kaxkoa oinezko bihurtzeko pauso bat". 

Aldaketak ekarriko dituen pausoa. "Aurrerantzean, Zubiaurrenea kalea (Antxeta tabernaren pareko zatia) norabide bakarrekoa izango da: Artzabal aldetik soilik sartu ahal izango da autoz bertara. Gainerakoan, lehen bezala mantenduko dira norabideak".

Irisgarritasuna hobetzeko
Frontoi atzealdea eta Artzabalgo parkea lotzen dituen bidea bertatik igaroko direnentzat irisgarriagoa izateko lanak dira Sasoi Eraikuntzak enpresak uztaila erdialdera abiatu zituenak. “Obra osoaren kostua 161.744,95 eurokoa da, eta ia erdia (%46,96, hau da, 75.950,86 euro) aurreztuko du udalak, irisgarritasuna hobetzeagatik Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza bat lortu baitu”, Udalak berri eman duenez.

Lanen eremua bitan zatitu zuen Sasoi enpresak. Batetik, Artzabalgo parke sarreratik Kontzeju Zarra eta Zubiaurrenea kaleek bat egiten duten guneko zebra bidea legoke. Tarte honetan, irisgarritasuna hobetzeko lanak bideratu dituzte. “Horretarako, Borda Berri kaletik behera doan kaleko espaloia, Zubiaurrenekoa eta Artzabalgo parke sarrerakoa batu egingo dituzte, modu horretara, parkeari presentzia handiagoa emateko. Zubiaurrenea kalea, orain arte, bi norabidekoa izan da, eta, aldaketekin, norabide bakarrekoa bihurtuko da (Borda Berri kaletik Zubiaurrenera eta handik gora joateko), eta, horrez gain, espaloia handitu eta eserlekuak eta zuhaitzak jarriko dituzte”, iragarria zuten.

Beste eremuan, Zubiaurreneatik Kontzeju Zarra kalean gora Mikel Laboa plazaraino egindako lanen xedea “oinezkoen konexioa txukuntzea da. Hala, berrituta, Mikel Laboa plaza Askatasuna plaza aldera hedatuko da: ibilgailuek jada, ez dute Mikel Laboa plazaren sarreran aparkatzeko aukerarik izango, dena maila berean berdinduta geldituko baita, galtzada-harri mota berarekin, eta hor ere zuhaitzak eta eserlekuak jarriko dituzte. Askatasuna plaza aldeko espaloian, lehorrean leundutako hormigoia botako dute, eta parekoan, berriz, baldosa hidraulikoa jarriko dute”.