2020-21 ikasturtea

Udarregi Ikastola ezohiko ikasturte berrian murgiltzen hasia

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 5a, 08:10
Udarregi Ikastolak ostiral honetan (irailak 4) DBH 1 eta 2ko ikasleei eginiko harrera. Argazkiaren egilea: Udarregi Ikastola.

Astelehenean estreinatuko dute 2020-21 ikasturtea LH eta HH-koek. Dagoeneko ordea zabalik da Haur Eskola eta DBH-ko lehen ziklokoei ere harrera egin die Udarregi Ikastolak. Osasun krisialdiak baldintzaturiko ezohiko ikasturtearen atarian dira.

Covid19-ak baldintzatuko duen 2020-21 ikasturtearen atarian gara. Asteotan ikasgeletara itzuliko dira ikasleak. Itzulera mailakatua izango da, presentziala izan asmo duten klaseetara. Udarregi Ikastola itzulera bide hau jorratzen hasia da. Ostiral honetan Haur Eskola zabaldu eta DBH-ko lehen eta bigarren mailetako ikasleei harrera egin zien eraikin gorriaren atariko aparkalekuan. Denak musukoak jantzita, ikastolak sare sozialen bidez zabaldu eta albiste honi atxikia duzuen argazkian ikus dezakezuen moduan. "Ongi etorri ikastolara! Gaurkoan, DBH1. eta 2. mailako ikasleen harrera eta aurkezpenerako elkartu gara! Hau poza, gure artean berriro ikustean! Aurrera lagunok!", adierazi diete Udarregi Ikastolatik DBH 1 eta 2 mailetako ikasleei.

Gogoan izan, aipatu moduan, ikasleak modu mailakatuan itzuliko direla ikasgeletara. DBH 3 eta 4 mailetakoak irailaren 14an bueltatuko dira. Astebete lehenago, astelehen honetan bertan (hilak 7), Agerialdeko eraikinera HH eta LH-ko ikasleak. Baita ziklo hauetan ikasten ari diren Aginagako eta Zubietako Eskoletako ikasleak ere.

Batzar jendetsuak
Jada ohikoak bilakatu zaizkigun musukoak jantzita, segurtasun distantzia mantenduta eta gel hidroalkoholikoz eskuak garbituta sartu ziren gurasoak irailaren 1ean, Udarregi Ikastolak deituta jangelan deitu zituzten bileretara. Ziklo bakoitzeko saio bana antolatu zuten; DBH, LH eta HH-ko ikasleen ama eta aitentzat.

Ezohikoa izango den ikasturtearen nondik norakoak azaldu zizkieten ikastolako ordezkariek. Oporraldi aurreko azken NOAUA! aldizkarian aditzera eman zuten moduan, 3 agertoki posible aurreikusten zituzten abiatzear den 2020-21 ikasturterako Udarregi Ikastolatik; klaseak guztiz presentzialak izatea, prebentzio neurriak hartuta; eredu "mixtoa" klase presentzialak eta online bidezkoak uztartuta; edota konfinamenduak behartuta jarduna guztiz online izatea.

Lehen agertokiari helduko diote ikastetxeek baita Udarregi Ikastolak ere; klase presentzialei alegia, bai ikastolak eta baita iragan ostiralean Hezkuntza Sailak adierazi zuen moduan. Beharrezko prebentzio neurriak hartuta noski. Ikastolako Zuzendaritza Taldeak eta Artezkaritza Kontseiluak udarregi.eus atariaren bidez datozen hilabeteotako jarduna presentzialki bideratzeko osatu duten antolaketa lanaren xehetasun nagusiak plazaratu dituzte egunotan.

"Pertsonen osasuna eta segurtasuna babestuko dituzten erabakiak hartu nahi izan ditugu"
Talde egonkorren aldeko apustua egin dute ikastolan. Prebentzio eta higiene irizpideak finkatu dituzte. Sarrera-irteera mailakatuak iragarri dituzte. HH eta LH-ko ikasleek goiz eta arratsaldez izango dituzte klaseak. DBH-koak ordutegi jarraian ariko dira. Jangela zerbitzua ere eskaini asmo dute lehen egunetik aurrera, zerbitzua behar-beharrezkoa duten familientzat. Zerbitzua baliatu asmo dutenek, udarregi.eus atarian aurkituko duten galdetegia bete beharko dute irailaren 3a baino lehen. Goizeko zaintza zerbitzuari ere eutsiko dio Ikastolak, 8:00-9:00 artean (arratsaldekoari baita irailaren 7tik 25era), "bizikidetza-tade egonkorrak sortuz" behar-beharrezkoa duten familientzat. 

"Zalantzaz betetako eta ziurrenik aldakorra izango den egoera honen aurrean, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestuko dituzten erabakiak hartu nahi izan ditugu. Horrela, ikastolako martxa egokia ahalbidetuko duen egitura eta antolaketa diseinatzen saiatu gara. Egoeraren zailtasuna ulertuko duzuelakoan, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu", adierazi dute Ikastolatik udarregi.eus atariaren bidez.

Antolaketa lan honen xehetasunak biltzen dituen txostena jasotzekoak dira familiak. "Hau da, sarrera-irteeretako ateak, bizikidetza- talde zehatzak, zerbitzuen antolaketa berriaren ezaugarriak…", Udarregitik zehaztu dutenez. 

Informazio edo argibide gehiagorako: 
udarregi.eus
943 36 12 16
usurbil@ikastola.eus