2020-21 ikasturtea

Klase presentzialak, bizikidetza talde egonkorretan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 09:35

Sei hilabeteko etenaldiaren ostean itzuli dira gaur ikasleak ikastetxeetara. Baina martxoan etxeratzeko agindua heldu aurreko egoerarekin alderatuta, baldintza ezberdinetan. Covid19-a tarteko, ezohiko prebentzio neurriak hartu dituzte, tartean Udarregi Ikastolan.

Bizikidetza talde egonkorren aldeko apustua egin du Udarregi Ikastolak ziklo guztietan. Haur Eskolaren kasuan, 0-1 eta 1-2 urtekoek talde bat osatuko dute, 1-2 urteko gainerakoek beste bat, eta 2-3 urtekoek hirugarren taldea. "Ezingo dira talde hauek beraien artean nahastu, honek esan nahi du goizeko eta arratsaldeko harrerak bakoitzaren gelan egingo direla beren hezitzailearekin".

Era mailakatuan sartu eta irtengo dira ikastolatik gainerako zikloetan, ohiko guneetatik, "beti ere eskuak garbitu eta musukoa erabiliz. Ahal den neurrian pertsona multzoak ekidinez". Gogoan izan, 6 urtetik beherakoentzat, HH-ko ikasleen kasuan alegia, musukoa jantzita izatea ez dela derrigorrezkoa izango. Gainerako zikloetako ikasleen kasuan bai.

Bai HH-ko nahiz LH-ko ikasleek goizez izango dituzte klaseak gaur hasi (irailak 7) eta hilaren 25era arte. HH-koen kasuan, 9:00-12:20 artean, hamar minutu beranduago irtengo dira LH-koak. Irailaren 28tik aurrera, arratsaldez ere izango dituzte klaseak; 14:30etan sartuko dira denak, baina HH-koak hamar minutu lehenago irtengo dira, 16:20an. 16:30etan LH-koak. 

Aipatu moduan, DBH-ko ikasle helduenak astebete barru abiatuko dute ikasturtea. DBH osoan klaseak modu jarraian jasoko dituzte, 8:45-14:50 artean. "Orain arte DBHn hiru arratsaldetan ikastolara etortzen ziren, baina osasun arduradunen aholkuak jarraituz eta ikastolako antolaketa berria kontuan izanik (ikasle joan etorri fluxua gutxitzea, zerbitzuen berrantolaketa), egokia ikusten dugu ordutegi jarraia izatea. Honetan ere, sarrera irteerak mailakatuak izango dira", Ikastolatik udarregi.eus atariaren bidez berri eman dutenez.

"Pertsonen osasuna eta segurtasuna babestuko dituzten erabakiak hartu nahi izan ditugu"
Jangela zerbitzua ere eskaini asmo dute lehen egunetik aurrera, zerbitzua behar-beharrezkoa duten familientzat. Goizeko zaintza zerbitzuari ere eutsiko dio Ikastolak, 8:00-9:00 artean (arratsaldekoari baita irailaren 7tik 25era), "bizikidetza-tade egonkorrak sortuz" behar-beharrezkoa duten familientzat. 

"Zalantzaz betetako eta ziurrenik aldakorra izango den egoera honen aurrean, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestuko dituzten erabakiak hartu nahi izan ditugu. Horrela, ikastolako martxa egokia ahalbidetuko duen egitura eta antolaketa diseinatzen saiatu gara. Egoeraren zailtasuna ulertuko duzuelakoan, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu", adierazi dute Ikastolatik udarregi.eus atariaren bidez.

Antolaketa lan honen xehetasunak, irailaren 1ean deitu zituzten bileretan jaso zituzten gurasoek.  

Informazio edo argibide gehiagorako: 
udarregi.eus
943 36 12 16
usurbil@ikastola.eus