HAPO

Genero ikuspegia eta euskararena HAPO-an txertatzeko bi azterlan abiatu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 8a, 14:12

Hirigintzan genero ikuspegia kontuan izan eta euskaran duen eragina aztertuko du Usurbilgo Udalak, bi eremu hauen behaketa lana egiteko kontratatu dituen bi kanpo aholkularitzen laguntzaz. Goizean aurkeztu dituzte xehetasunak Potxoenean. Lanokin, genero ikuspegia eta euskara, idazketa fasean duten Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatzea dute helburu. 

Bi kanpo aholkularitzok lanean dira, azterketa lanak urte amaierarako bukatzea aurreikusia dutela adierazi dute Potxoeneko agerraldian. Helburu argia dute; azterlanok aintzakotzat hartuta, euskara eta genero ikuspegia Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatzea. 

Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak gogorarazi duenez, HAPO idazketa fase betean dute. "2021ean hasieraz onartzea da asmoa". 2014ko maiatzean abiatu zuen Udalak Usurbilgo Plangintza Orokorra berrikusteko prozesua, "ordutik hainbat parte-hartze prozesu egin eta hainbat dokumentu onartu dira". Tartean, 2015. urte amaieran, "HAPO idazteko oinarrizko plangintzaren irizpide eta helburuak onartu zituen Usurbilgo udalbatzak".

Guztira lau: "herritarren parte-hartzearen beharra, hirigintza jasangarriaren eta ekologikoaren irizpideak barneratzea, genero ikuspegia aintzat hartzea eta hirigintzak euskararengan duen eragina neurtzea". Genero ikuspegia kontuan hartu eta hirigintzak euskaran duen eragina sakontasunez aztertu asmo dute orain. "Horretarako, gai horietan adituak diren bi kanpo aholkularitza kontratatu ditu. Batetik, Arritxu Zelaia Etxeberria hizkuntza aholkulariak ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egingo du; hirigintza genero ikuspegitik aztertuko dute, berriz, Silvestrina kooperatibak, DUNAK taldeak eta Col·lectiu Punt 6 kooperatibak, elkarlanean".

Gai honi buruzko xehetasunak, goizean eskaini dituzte agerraldi bidez Potxoenean. Albiste honi atxikitako bideoan duzue prentsaurrekoa osorik.