Koronabirusa

11 kasu berri iragan aste osoan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 14a, 10:37
Usurbilgo anbulatorioa astelehen goiz honetan. Azken hilabeteotan ohikoan bilakatu den irudia; jendea barrura sartzeko baimendu zain kanpoan.

Iragan astean guztira 11 covid19 kasu berri antzeman zituen Osasun Sailak Usurbilen. 6 astean zehar, gainerako bostak asteburuan. Martxoaz geroztik 42 dira udalerri honetan zenbatu dituzten koronabirus kasuak.

Amaitu berri den aste osoan zehar, 11 kasu antzeman ditu Osasun Sailak Usurbilen. 6 astean zehar; 3 hilaren 8an, 1 hilaren 9an eta beste bi irailaren 10ean. Gainerako bostak asteburuan; 2 irailaren 11n, beste hiru larunbatean (hilak 12). Martxoaz geroztik 42 dira Osasun Sailak Usurbilen detektaturiko koronabirus kasuak.  Kasu kopuru honekin, igo egin da 7 egunetako 100.000 biztanleko kutsatze tasa; 174,11raino. Halere, Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuenak dituzten udalerrietatik urrun da; Hernialde (3.934,43), Berrobi (1794,45), Arama (990,10), Ikaztegieta (988,14)...

Altuagoa da ordea, Usurbil eta Lasarte-Oria biltzen duen osasun eremuko tasa, 218,77koa. Buruntzaldeari erreparatuta, hauek dira azken asteko kasuen kopurua eta 100.000 biztanleko kutsatze tasak:
-Andoain: 27 kasu, 180,66ko tasa.
-Astigarraga: 6 kasu, 97,09ko tasa.
-Hernani: 43 kasu, 214,86ko tasa.
-Lasarte-Oria: 46 kasu, 244,36ko tasa.
-Urnieta: 6 kasu, 96,93ko tasa.
-Usurbil: 11 kasu, 174,11ko tasa.

Azken 24 orduotan, 5.990 PCR proba egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 290 kasu positiboak; haietatik 117 Gipuzkoan, 134 Bizkaian eta 31 Araban. 8 EAE-tik at bizi direnen artean. 25 pertsona ospitaleratu dituzte, 63 pertsona daude ZIU-n. 

Xehetasun guztiak ondoko estekan dituzue: covid19 datuak