Topaketa Feministak irailaren 19an

"Topaketen eta herrietako mugimendu feministaren helburua beti saretzea izan da"

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 12:09

Larunbaterako Kafe Tertuliako kideek antolatu dituzten Usurbilgo Topaketa Feministen xehetasun gehiago eskaini dituzte, sare sozialen bidez plazaratu duten idatziarekin, sor daitezkeen zalantzak argitze aldera. 

Eskualde mailako testuinguruan kokatzen dituzte irailaren 19ko hitzorduak "Herri bakoitzak bere errealitate ezberdina duen arren, hainbat helburu partekatzen ditugu". Saretzea dute helburu, eskualde mailan harremantzea; "espero dugu eskualdea saretzeko proiektuan laster aurrera pauso gehiago emateko aukera izango dugula". Hortik eskualdeko herri ezberdinetan asteotan ospatuko diren topaketak, "gure arteko hartu-eman hori hasteko espazio bat eskainiz".

Bizi dugun osasun krisialdiak eskualde mailako proiektuekin aurrera jarraitzea eragotzi dien arren, alternatiba bat eskaintzeko beharra ikusi zuten ikasturte hasiera honetan, "eskualdeko lau herri hauetako bakoitzean (Hernani, Andoain, Lasarte, Usurbil) ospatu behar ziren topaketen antolakuntzarekin jarraituz". Hala, tokian tokiko egitarauak osatu dituzte, beti ere eskualde mailako hartuemanei eutsita. Ekitaldietan "hainbat elementu amankomun mantentzeko erabakia izan genuen", dio Kafe Tertuliako kideen idatziak.

Besteak beste, topaketen "Harrotu eta Erein" aldarria, eskualdeko neska* gazteak elkar identifikatzeko irudi bat oinarri hartuz iragarri duten serigrafia tailerra edota forma ezberdinetakoak izan arren, "amaierako ekitaldiak izango dituen elementu diskurtsiboak". 

"Harrotu eta erein", Usurbilgo Topaketa Feministak
Irailak 19, larunbata
09:30 Gosaria.
10:15 Oka feminista.
13:30 Bazkari autogestionatua.
16:00 Harrotu eta erein: kamiseta argi bat ekarri.
18:00 Bukaerako ekitaldia.

Tokia: Usurbilgo frontoia.
Oharra: ezinbestekoa da musukoa eramatea.

Antolatzailea: Usurbilgo Kafe Tertulia.

USURBILGO TOPAKETA FEMINISTAK
Zuetariko askok izango zenuten jada sare sozialen bitartez Buruntzaldea eskualdeko herri ezberdinetan hilabete honen amaieran ospatuko diren topaketa feministen berri. Hauek, hala ere, proiektu edota ideia handiago baten harira jaio ziren eta horregatik, herri ezberdinetan antolakuntzan ibili garen kideok azalpen txiki bat emateko beharra ikusi dugu. Topaketen helburua eta herrietako mugimendu feministaren helburua beti saretzea izan da, eta saretze horren oinarrian gardentasuna kokatzen dugu.

Herri bakoitzak bere errealitate ezberdina duen arren, hainbat helburu partekatzen ditugu. Herrika neska* gazteen saretzeak indartsu egiten gaituen moduan, eskualde mailan harremantzeak gure indarrak biderkatuko zituela ikusi genuen mugimenduko hainbat kideek. Honen abiapuntu gisa, Hernani, Andoain, Lasarte eta Usurbilgo neska* gazteei proposamena luzatu zitzaien eskualde mailako topaketa batzuk antolatzeko, gure arteko hartu-eman hori hasteko espazio bat eskainiz. Honen antolakuntza uneoro irekia izan da eta herri bakoitzeko mugimenduak kudeatu du zabalpena. Eskualde mailako topaketekin batera, tokian-tokiko lanketa bat egitea ere erabaki genuen, herri mailako topaketak antolatu aurretik. 

Zoritxarrez, osasun krisia dela eta, gure ideiek zaintza-lanak azpimarratzen dituztelarik, ezinezkoa ikusi dugu eskualde mailako topaketa hauen proiektuarekin aurrera jarraitzea. Bizitzak erdigunean jartzea da gure militantziaren muina.

Hala ere, ikasturte hasierarekin batera, proiektu honekiko alternatiba bat eskaintzearen beharra ikusi genuen, eskualdeko lau herri hauetako bakoitzean ospatu behar ziren topaketen antolakuntzarekin jarraituz. Tokian tokiko egitarauak diren arren, kontaktua mantendu dugu eskualde mailan, eta elkar eragin handia ikus daiteke. Horrez gain, ez dugu eskualdea saretzearen ideia hori guztiz baztertu nahi izan. Horregatik hainbat elementu amankomun mantentzeko erabakia izan genuen, herrietan honen inguruko eztabaida burutu ostean, hala nola: "Harrotu eta Erein" leloa, herri guztietan burutuko den tailer bat (eskualde izaera indartzea helburu duena), eta amaierako ekitaldiak izango dituen elementu diskurtsiboak, forma ezberdinak hartu arren. 

Tailer honen nondik norakoak azaltzea ere garrantzizkoa ikusi dugu: eskualdeko neska* gazteok elkar identifikatzeko irudi bat oinarri hartuz serigrafia tailer bat, eskualde mailako ekimen deszentralizatu bat burutzeko asmoz.

Amaitzeko, beste behin azpimarratu nahi dugu idatzi honen helburua topaketetan bertan eman daitezkeen zalantzak aldez aurretik argitzea eta zintzotasun osoz jokatzea izan dela. Noski, espero dugu eskualdea saretzeko proiektuan laister aurrera pauso gehiago emateko aukera izango dugula, denon arteko elkartasuna baita mugimendu feministaren iparrorratz eta indargune nagusia.