Marihuana plantazio bat antzeman eta Donostiako bizilagun bat atxilotu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 08:00

Espainiako Poliziak irailaren 11n Usurbilgo industriagunean eginiko polizia operazioaren baitan, Donostiako bizilagun bat atxilotu zuela berri eman du, eraikinetako batean, armairu faltsu baten atzean marihuana plantazio bat antzeman ostean. Bertako ustezko arduraduna da atxilotua eta droga trafiko delitu bat egitea egozten dio Espainiako Poliziak.

Guneko barrualdea eta marihuana ekoizteko lanabes guztiak epaitegien esku utzi dituzte; tartean, Espainiako Poliziak sare sozialetan zabaldu duenez, "37 transformagailu elektriko, potentzia ezberdinetako 42 goritasun-lanpara, aire egokituko 4 aparailu eta 886 loreontzi-euskarri/mintegi".

Irailaren 11ko polizia operazioan, pertsona bat atxilotzearekin batera, Espainiako Poliziak lokaleko behealdera sartzea ahalbidetzen zuen armairu faltsu bat aurkitu omen zuten, eta bertan marihuana ekoizteko instalakuntza. Gunea bi gelatan bereizia omen zegoen, 800 landare baino gehiago ekoizteko behar adina baliabide omen zituzten. Loreontzi-euskarri gehienek haziak omen zituzten, ernetze prozesuan ziren 130ek izan ezik. Argazkien bidez erakutsi du Espainiako Poliziak barrualdea.

Polizia judizialak aurrez eginiko ikerketan omen du jatorria hilaren 11ko polizia operazioak.