Ostalaritza hizpide

Bordatxo taberna: “Usurbilen herriko jendearen beharra dugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 09:28

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Bordatxo tabernako Paulino Ibargoien NOAUA!rekin. 

Itxierak nola eragin izan dizue?
Beldurgarria izan da. Ezjakintasunak sortutako zalantzak zeuden, antsietate pixka bat, nola izango zen, esan zen abendura arte ezingo genuela ireki... Nahiz eta itxita egon, gastuek hor segitzen dute. Jakinarazita gastu batzuk etetea lortzen duzu, baina beste batzuk ez. Bi hilabete eta erdiko gastua ikaragarria izan zen.

Irekita ere egokitzen joan behar.
Terraza handitzeko Udalaren planak asko lagundu digu. Horrek segurtasuna eman digu.

Nola aurreikusten duzue datorren udazken-negua?
Ez dakit atzera egingo dugun berriz. Tabernariok eguraldiarekin jokatzen dugu. Halere nire ustez arazo handiena izango dena da, batzuk lanean hasiko diren edo ez, ekonomikoki nola dauden familiak. Egoera ekonomikoa ez da ona, tabernetan eta dendetako erosketetan nabarmentzen da.

Egoera hau luzatzen bada, are gehiago zaildu daiteke.
Hemen denok kate bat osatzen dugu; bai ostalaritzak, merkataritzak, zerbitzuek… Hemen dirua dagoenean gastatu egiten da. Jendea ekonomikoki gaizki dagoenean hemen ez dago ezer egiterik. Hori kaltegarria da, baita herriarentzako ere.

Ostalaritza sektoreak zer behar du egoera honetan?
Orain arte jasotako laguntza poztekoa da. Laguntza mantenduko den esperantza dugu, ez baitakigu noiz arte egongo garen horrela. Guk zortez Usurbilgo jendearekin oso ondo funtzionatzen dugu. Hemen kontsumoa urtean zehar mantentzen da.

Gertuago, erosketa bonuen egitasmoa nola hartu duzue?
Jendeak puntua hartzen badio, zoragarria da. Jendea zain zen. Bigarren fase honetan ikusi da jendea ari dela mugitzen. Guretzako ona dela iruditzen zaigu. Asmatuko dugula iruditzen zait.

Bezeroen parte hartzea ezinbestekoa izango da.
Gauza hoberena da katea segitzea da. Hemen, herrian gastatu behar da. Denok dugu karro handia betetzeko erraztasuna. Usurbilen herriko jendearen beharra dugu. Laguntza oso garrantzitsua da, Usurbilen gastatu dezatela.

Ostalaritzarik gabeko Usurbil…
Ikusten da oslataritzak zer bizitza ematen dion herriari; kaleak beteta daudela. Kanpotik datozenak ere harrituta geratzen dira.