Imanol Agirretxe ETB-ren "Itzulera" saioko gaurko protagonista

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 22a, 09:02

Duela bi aste Xabier Mikel Errekondorekin egin zuten moduan, bere biografia errepasatuko du Euskal Telebistaren "Itzulera" saioak, astearte gau honetan (irailak 22), 22:30etan hasita.

"Imagol ezizena jarri zioten baina ez zuen bide erraza izan. Imanol Agirretxearen itzulera". Hala dio Euskal Telebista egunotan plazaratzen ari den iragarkiak. Astearte gau honetan (irailak 22) 22:30etan hasita "Itzulera" saioaren hirugarren atala eskainiko du aipatu euskarazko telebista kateak eta eitb.eus atariak.

Agustin Ezenarrok aurkeztu eta sei kirolari ezagun biltzen dituen programako gaurko protagonista Agirretxe izango da. "Imanol Agirretxek lesio baten ondorioz esan behar izan zion agur futbolari. Horra iritsi bitartekoak eta gehiago izango ditu hizpide kirolari usurbildarrak astearteko saioan, asko bizi izan baitzuen talde txuri-urdinean egon zen bitartean; lehenengo mailara igoera eta Championserako sailkapenak bizi izan zituen, besteak beste".

Saioaren irailaren 8ko estreinaldian Xabier Mikel Errekondoren bizitza jorratu zuten, Agirretxerekin berarekin, Arantxa Orbegozo txirrindulariarekin, Oskar Lasa pilotariarekin, Nagore Osoro patroiarekin eta Markel Irizar txirrindulariarekin batera. Guztien bizitzaz hitz egin, eta Bilbo-Bilbo 125 kilometroko martxa zikloturistan parte hartzeko erronkaren prestaketa lanak erakusten ditu saioak astez aste, Irizarren gidaritzapean.

Xabier Mikelen biografiaz
Eskubaloi jokalari ohi eta Usurbilgo alkate izandakoaren biografia errepasatu zuen "Itzulera" ETB-ren saio berriak, besteak beste, senide usurbildarrak islatu zituen irudien bidez. Eskubaloiko garaipenak, politika munduan jorraturiko ibilbidea... hartu zituzten ahotan. 

Usurbildar ezagun bat protagonista zuela estreinatu irailaren 8an Euskal Telebistak, "Itzulera" saioa; Xabier Mikel Errekondorekin. Bere biografiari errepasoa eman zioten, programa berrian bidelagun izango dituen aurkezle Agustin Ezenarrorekin eta kirol munduan ezagun egin diren bost lagunekin batera; Arantxa Orbegozo txirrindulariarekin, Oskar Lasa pilotariarekin, Nagore Osoro patroiarekin eta Markel Irizar txirrindulariarekin. Imanol Agirretxe futbol jokalari usurbildarra ere parte hartzen ari da ETB-ren programa berri honetan.

Bart gaueko saioko protagonistarengana itzulita, bereziki eskubaloi jokalari gisa izan zuen ibilbide arrakastatsua oroitu zuten; besteak beste, irabazitako Asobal kopa, Espainiako liga, Europako bi kopak eta bost errege-kopak.

Senideekin iruditan
Jakinmina eragin zuen, Usurbilgo alkate ohiak politika munduan nahiz eskubaloi jokalari izandako garaiko hainbat pasarteek; tartean, Espainiako errege-etxearekin izandako hartuemanak, edota Espainiako Selekzioarekin jokatu behar izan zuenekoak.

Une hunkigarri bat baino gehiago bizi izan zituzten saioan, familiak bizi izandako istripua oroitu zutenean, edota Xabier Mikeli alaba Lur (bera ere eskubaloi jokalaria) bisitan joan zitzaionean. Bere bizitza iruditan erakutsi zigun "Itzulera" saioak, bera eta senideak agertzen ziren hainbat argazkiren bidez.

Saioa ikusgai duzue osorik, "EITB Nahieran" atarian, eitb.tv helbidean