"Izan bidea"

Andatzara mendi martxa urriaren 3an, presoen afera konpontzearen alde

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 22a, 15:05

Sarek uda garaitik abian duen "Izan Bidea" ekimenaren baitan Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko deia egin du urriaren 3an, euskal presoen afera konpontzea exijitzeko. Usurbilen Andatzara igotzeko gonbita luzatu diete herritarrei.

Iraileko azken ostirala bueltan dugu, euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna honenbestez. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak elkarretaratzea deitu du hilaren 25ean 20:00etan Mikel Laboa plazan. Adi mobilizazioari; Usurbilgo Sare taldea kamisetak saltzen ariko baita, aipatu mugimenduak urriaren 3rako Euskal Herri mailan antolatu duen ekimenari begira. 650 mendi tontorretara igotzeko gonbita luzatu dute, uda hasieratik martxan duten “Izan bidea” dinamikaren baitan.

Gogoan izan, euskal presoen afera konpontzearen alde lehenbailehen urratsak emateko ekimena da “Izan bidea”; “Madril eta Parisko gobernuak presoen egoera eta presoen auziaren konponbiderako urratsak ematera bultzatzea” da asmoa. Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro egitera animatu digute hilabeteotan, oinez, korrika edota bizikleta gainean.

“Ikusi mendizaleak…” abestia prestatu
Dinamika beraren testuinguruan Euskal Herriko mendi gainetara igotzeko deialdia egin dute orain urriaren 3an. Usurbilen Andatza gainera igotzeko hitzordua finkatu da urriko lehen larunbaterako. 9:00etan frontoitik finkatu dute abiatzeko hitzordua, adin guztietako bidelagunentzat. Bere kasa joan nahi duenak badu bigarren hitzordu bat, Andatza gainean 11:00etan. Ordu horren bueltan bilduko dira parte hartzaileak; besteak beste, banderola bat jarri eta “Ikusi mendizaleak” abesti ezaguna kantatuko. Abestiaren letra eskura izan honenbestez. Bertan direla, “beste tontorretan gaudenak agurtzen saiatuko gara”, Usurbilgo Saretik NOAUA!ri adierazi diotenez. Inguruko mendietara ere igoko baitira hainbat herritar; “Belkoainera, Buruntzara, Adarrara, Onyira, Mendizorrotzera…”.

Sareren 650tontor.sare.eus web orrialdean eman daiteke izena; sartu web orrian eta igo nahi duzun mendi tontorra hautatu. Usurbildarren kasuan Andatza, edota baita Ipar Euskal Herriko mendi gainen bat ere. “650 mendi horiek Euskal Herri osoan zehar banatuak daude. Herri batzuei bi tontor eta hiru ere egokitu zaizkie. Badira beste tontor batzuk Iparraldean, eta herrika eskainiko dira. Usurbilen 5 laguneko taldetxo bat animatzen bada Iparraldeko tontor bat igotzera, usurbildarron izenean egingo luke. Erronka usurbildar mendizaleei helarazten diegu, ia baten bat animatzen den”. Taldetxo bat animatuko balitz, sareusurbil@gmail.comhelbidera idatzi edo ostiral honetako mobilizazioan kamisetak saltzeko jarriko duten postura hurbildu.

Presoak etxeratzearen aldeko deialdiak
Irailak 25, ostirala
20:00
Euskal presoak etxeratzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Sare-k urriaren 3ko mendi martxarako kamisetak salgai jarriko ditu.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urriak 3, larunbata
09:00 
Sarek antolaturiko mendi martxa Andatzara, frontoitik abiatuta.
11:00 Andatza tontorrean bilkura; banderola jarri, “Ikusi mendizaleak” abestia kantatu, inguruko mendietako parte hartzaileak agurtu…
Izen ematea: 650tontor.sare.eus
Deitzailea: Sare.

Urriak 24, larunbata
17:00 
Manifestazioa Donostian Antiguako tuneletik salbuespen legediaren aurka, konponbidearen alde. “Resolution” hitzarekin mosaiko erraldoia Kontxako hondartzan.
Deitzailea: Sare.