Imanol Agirretxeren bizimodu txuri-urdina bart ETB-ren "Itzulera" saioan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 23a, 08:33

"Imagol ezizena jarri zioten baina ez zuen bide erraza izan. Imanol Agirretxearen itzulera". Hala aurkeztu zuen ETB-ren saioko "Itzulera" saioak bart gauean izan zuen protagonista; Imanol Agirretxe Arruti usurbildarraren biografia hartu zuen ahotan.

Jaioberri zela aitarekin agertzen zen argazkietako batean jantzita zeraman jertse txuri-urdinak bere etorkizunaren seinale argietako bat zirudien. Bihotza kolore berekoa duela aitortu baitzuen bart Euskal Telebistaren "Itzulera" saioak izan zuen protagonistak; Imanol Agirretxe Arruti usurbildarrak. Duela bi asteko estreinako saioan Xabier Mikel Errekondorekin egin zuten moduan, ETB1-ek eta eitb.eus atariak astearte gauean eskainitako saioan Agirretxeren biografia errepasatu zuten. Txikitatik "erreal zalea", zaletasuna ogibide bilakatzeko aukera izan zuena gaztetatik. Donostiako taldean hasi aurretik Bilbon jorraturiko ibilbidearen irudiak erakutsi zituen.

Talde txuri-urdinean izan zuen ibilbide oparoko hainbat une ere oroitarazi zituzten; hastapenak, bere golak, harmailetako giroa, Reala bigarren mailatik lehenengora igo zen uneko ospakizunak...

Une hunkigarri bat baino gehiago bizi izan zituen, kirol ibilbidearen norabidea eta etorkizuna aldarazi zuen lesioa oroitzean. Ezusteko gozorik ere bai, ama Ana Arrutik bideo bidez agurtu zuenean edota talde kide ohi Markel Bergara bisitatzera joan zitzaionean. 

Bere bizitza iruditan errepasatu zuten; eta argazkiotan hainbat usurbildar ikusteko aukera izan zen, Agirretxeren senideak eta baita txikitako lagunak ere. Jokalaria zela, Usurbilen osatu zen bere zaletuen Agirretxe Taldeko sortzaile eta Imanolen lagun usurbildar Sergio Montesek ere saioko protagonista bisitatu zuen.

Saioak gainera, beste bost kirolarirekin izandako elkarbizitza ere erakutsi zuen; eskubaloi jokalari eta Usurbilgo alkatea izandako Xabier Mikel Errekondo, Arantxa Orbegozo txirrindularia, Oskar Lasa pilotaria, Nagore Osoro patroia eta Markel Irizar txirrindulariarena. Agirretxerekin batera futbolean ibili ziren, Agustin Ezenarrok aurkezturiko saioko parte hartzaileak. Irizarren gidaritzapean bestalde, Bilbo-Bilbo 125 kilometroko martxa zikloturistan parte hartzeko erronkaren prestaketa lanak ere islatzen ari da saioa astez aste.

ETB-k bart eskainitako saioa osorik esteka honetan klikatuta ikus dezakezue:
https://www.eitb.tv/eu/bideoa/itzulera/7155/180770/imanol-agirretxe/