Maider Makazaga, DYAko gerentea: “Pandemiak eragin zuzena izan du gure eguneroko martxan”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 23a, 10:23

Zer da DYA? Errepideetan sorospen lanetan aritzen den taldea. Hori izango da askori burura datorkigun lehen erantzuna. Gauzak asko aldatu dira ordea. Azken urteotan, nagusiki arlo sozialean ari dira lanean. Osasun alarma piztu zenetik hona, areagotu egin zaizkie zeregin horiek.

NOAUA! Getariatik zatoz une honetan. Zertan aritu zarete?

Maider Makazaga, DYA. Txakolinaren mahats-bilketan lan egin behar dutenei PCR probak egiten aritu gara. Bilketa kanpainarekin hasi aurretik, denak garbi daudela bermatzeko. Guztira 550 bat proba egingo ditugu gaur. Horretaz gain, helduen egoitzetan ere probak egiten gabiltza, Gipuzkoa osoan zehar.

 

Krisi honek zuen lan dinamika goitik behera aldatu du hortaz.

Erabat. Eragin zuzena izan du gure eguneroko jardunean. Osasun alerta ezarri zenean, eguneroko martxan egiten genituen zerbitzuak bertan behera utzi behar izan genituen. Kirol partida, kontzertu eta abarren zaintzak, aiton-amonen irteerak… Zerbitzu ia denak. Topera lanean aritzetik ezer ez egitera pasa ginen egun batetik bestera, nolabait esatearren. Lehen kolpe horrek bertigoa eragin zigun. Ohiko lanak ezin egin eta, gu zertan izan gaitezke lagungarri? Kezka hori berehala sortu zitzaigun.

 

Boluntario talde zabala duzue. Dena den, konfinamenduak herritik ez ateratzeko neurria ekarri zuen berarekin.

Osasun alerta ezarri eta boluntarioak berehala hasi ziren deika. “Zertan lagundu dezakegu? Zein da plana?”, galdezka. Gure lehen erabakia hau izan zen: denak etxean. Zaindu zaitezte, ez zaitezte kutsatzeko arriskuan jarri. Beharra suertatzen denean, hortxe egon beharko dugulako. Anbulantziak eta bitarteko guztiak prest genituen, beharra sortuko balitz horiekin laguntzeko.

Lehen aste hori izugarri gogorra izan zen. Jendea laguntzeko prest zegoen, deika genituen eta gu frenoa jartzen: “lasai egon, oraindik ez delako beharrik sortu”. Lehen egun horietan, jendeak oraindik elikagaiak bazituen etxean, sendagaiak ere bai… Astebetera hasi ziren behar horiek sortzen. 

 

PANDEMIAREN HASIERAN

"Ehundik gorako boluntario talde bat osatu genuen. Erosketak egiten laguntzeko taldeak eratu genituen eta desinfekzio lanetan hasi ginen”

 

Oker ez banago, sendagaien zein elikagaien bilketa eta banaketa lanak egiteko sare bat osatu zenuten, ezta?

Sarea osatuta zegoen berez. Gipuzkoa osoan zabaltzen da DYAren sarea. Egoitza zentrala Donostian dago eta hortik koordinatzen da dena. Eta herri askotan egoitzak ditugu, Usurbilen bezalaxe. Bazkide guztiei mezu bana bidali genien alerta egoera ezarri zutela esanez eta gure ohiko zerbitzuak bertan behera utzi behar izan genituela jakinaraziz. Baina sor zitezkeen behar berrien aurrean, jakin nahi genuela nor zegoen laguntzeko prest.

 

Eta? Nolakoa izan zen boluntarioen erantzuna?

Oso ona. Ehundik gorako boluntario talde bat osatu genuen. Batetik, erosketak egiten laguntzeko taldeak antolatu genituen eta, bestetik, desinfekzio lanetan hasi ginen. Gure koordinazio gunea indartu egin genuen jende gehiago jarriaz, jasotzen ari ginen dei guztiei erantzun ahal izateko...

 

“100dik gora egoitza desinfektatuko genituen”

NOAUA! Zahar egoitzak eta toki publikoak desinfektatzen  aritu zarete hilabeteotan.

Maider Makazaga, DYA. 100dik gora egoitza desinfektatuko genituen. Suhiltzaileak hasi ziren horretan baina ez ziren denera iristen, eta laguntza eskatu ondoren, guk ere desinfekzio lanei ekin genien.

Zeregin gehiagotan ere aritu gara. Eusko Jaurlaritzari sortu zitzaion beste behar bat. Lehen aste haietan, gaixo kronikoek ezin zuten etxetik atera; ez zen gomendagarria. Horiei medikazioa nola helarazi etxera? Hor sortu zen behar bat eta zerbitzu hori eskaintzen hasi ginen. Farmazietara joan, sendagaiak hartu eta gaixoen etxeetara eramaten. 15.000 telefono deitik gora egin genituen hori dena bideratzeko. Lan horretan elkarrekin aritu ginen Eusko Jaurlaritzako Farmazia Zuzendaritza, Farmazialarien Elkargoa eta gu.

 

 

“Arlo sozialean zeregin handia dago, errepidean baino handiagoa seguraski”

NOAUA! Diru-bilketa kanpaina bat abiarazi duzue egunotan: Alerta Horia. Eta DYAri nork laguntzen dio?

Maider Makazaga, DYA. Gure finantziazioa, hein handi batean, kolaboratzaileei esker ziurtatuta dago. Euren ekarpenei esker gure aurrekontuaren zati garrantzitsu bat osatzeko moduan gara, baina ez guztia.

Martxoaren erdialdean ohiko zerbitzu denak bertan behera geratu zirenean, kezkatzen hasi ginen.  Zerbitzu horiek dira guk fakturatzen ditugun bakarrak. Gure filosofia da “presazkoak ez diren lan horiek kobratzea, larrialdikoak direnak doan egin ahal izateko”. Kontzertuak, kultur jarduerak, kirol jarduerak… Horrelakoetan antolaketa bat egoten da, sarritan dirulaguntzak dituzte edo sarrera kobratzen da... Eta kasu horietan, eskaintzen dugun zerbitzuarengatik kobratu egiten dugu.

Bestetik, konfinamendua ezarri zenetik materiala utzi diogu Osakidetzari. Material jakin baten falta izan zuten eta guk gure biltegian genuena musu-truk eman genien. Guk orain nahi duguna da material hori berreskuratu, biltegia bete berriro. Ez baitakigu zer nolako beharrak etorriko diren gero. Ez dugu besterik eskatzen.

Kanpaina hau beraz, hortik doa. Jendeak uste du Administrazioak lagundutako Gobernuz Kanpoko Erakunde bat garela baina ez da horrela, inondik inora ere ez. Udaletxe batzuetatik dirulaguntza txiki batzuk jasotzen ditugu baina zerbitzu truke izaten dira, Jaurlaritzatik eta Aldunditik ere bai beste batzuk, baina ezer gutxi. Nik uste herritarrak beti ikusi duela DYA han eta hemen baina ez du kuestionatzen nola finantzatzen den. Eta agian galdera egin behar luke.

 

DIRU-BILKETA KANPAINA

Errazena da DYAko telefono zenbakira deitzea: 943 46 46 22. Eta deitzean esan dezala ekarpen bat egin nahi duela”

 

DYAren etorkizuna kinka larrian ikusi al duzue hilabeteotan?

Bai, eta oraindik ere horrela ikusten dugu. Hala ere, denari ikusi behar zaio bere alde positiboa. Eta agian une hau aprobetxatu behar dugu DYAk zer bestelako gauzetan lagundu dezakeen hausnartzeko. Arlo sozialean zeregin handia dago eta uste dut horretan izan genezakeela lekua, seguraski errepidean baino gehiago.

Bere momentuan errepidean premia zegoelako osatu zen DYA. Une honetan, Administrazioak errepideko beharrak asetzeko anbulantzia sarea osatuta dauka hein handi batean. Eta sorreratik DYAren izpiritua beharra dagoen lekuan egotea denez, akaso DYAren zereginak beste arlo batzuetara zabaltzeko unea iritsi da.

Edozein kasutan, boluntario talde sendoa dagoen bitartean, eta hau da DYAk duen altxorrik preziatuena, urrutira iritsi gintezke.

 

DYAkoak ekarpen ekonomikoen premian dira

NOAUA! DYAri lagundu nahi dionak zer egin dezake?

Maider Makazaga, DYA. Errazena da 943 46 46 22 telefono zenbakira deitzea. DYAko telefonoa da hori, 24 orduz zerbitzuan dagoena, eta deitzean esan dezala ekarpen bat egin nahi duela. Ekarpen ekonomiko hori puntuala izan daiteke edo maiztasun jakin batekin. Ez dugu minimo bat jartzen, norberak erabakitzen du nola lagundu nahi duen.

Beste bide bat izan daiteke dyagipuzkoa.com web orrialdearen bidez egitea. Bertan, Eman laguntza gure proiektuari izeneko atala dago eta bertan datuak sartuaz egin daiteke ekarpena.

Eta beste aukera bat da Bizum bidez ekarpena egitea, 38071 identifikatzailea erabiliaz.

 

 

“Faltan bota dut koordinazio mahai bat”

NOAUA! Birusak kutsatutakoei eta euren ingurukoei jarraipena egiteko aztarnariak jarri dituzte lanean. Ez al zaizue horrelakorik egitea egokitu?

Maider Makazaga, DYA. Ez. Guri lan horretarako ez zaigu laguntza eskatu. Eta jakin nuenean erizainak ari zirela jarraipen hori egiten, erabat harrituta geratu nintzen. Nola da posible? Nahikoa lan badute bestela ere. Eta gainetik aztarnari lanetan ari dira? Nire ustez, askoz eragingarriagoa litzateke auxiliarrekin edo beste administrari batzuekin egitea. Eta nire ustez, horretarako jendea topatzea ez litzateke lan zaila. 

Nire ustetan horrelako egoerak eman dira koordinazio mahai bat egon ez delako. Balorazio bat egitea eskatuko balidate, esango nukeen lehen gauza hori litzateke, faltan bota dugula nolabaiteko koordinazio mahai bat, eragile ezberdinak batuko gintuen mahai bat.

 

Instituzio mailan ari zara?

Batik bat, beraien esku zegoelako edo dagoelako egoeraren kudeaketa. Talde ezberdinak ari gara lanean eta denon beharra egon da. Baina ez da koordinazio mahai orokorrik sortu eta uste dut horrek asko erraztuko zuela premiak errazago identifikatzea eta irtenbideak bideratzea, sarean lan eginez.

 

MAIDER MAKAZAGA

“Egia da hau dena berria izan dela denontzat, eta zaila izaten ari dela egoera kudeatzea”

 

Gauzak beste modu batean egin zitezkeen akaso?

Ez da kritika bat, ezta gutxiago ere, denontzat egoera berria delako eta zaila behar duelako izan lehen lerroan egotea. Koordinazio lana faltan bota dudala esan dut eta azalduko dizut zergatik diodan hau. Pandemian zehar egin ditugun zerbitzu asko elkarrizketa informal batzuen ondorioz suertatu dira. Adibide bat jartzearren: Elikagaien Bankuak biltegiak jakiz beteak zituen baina elikagaiak batetik bestera mugitzen dituen jendea, kasu askotan, jende heldua izan ohi da. Konfinamendua iritsi zenean, horietako pertsona asko eta asko etxean geratu ziren. Ondorioz, janaria biltegian zegoen eta janari horren beharra zuten herritarrak janari premian. Zain.

 

Eta egoera horren berri kasualitatez izan zenutela diozu?

Elkarrizketa informal batean atera zen eta halaxe esan nien, “ba guk egin genezake lan hori. Esan nondik nora eraman behar den janaria eta horretan jarriko gara”. Eta horrela hasi ginen Elikagaien Bankuarekin elkarlanean. Horregatik diot, koordinazio mahai hori osaturik  balego, akaso lehenago hasiko ginateke horretan lanean eta beharra zuen jende hori ez zen jakirik gabe egongo.

Behar asko detektatu ditugu horrela, elkarrizketa informaletan. PCR probekin antzeko gertatu zen. Arrantzaleek premia zuten itsasora atera aurretik PCR probak egiteko, eta Hondarribia, Pasaia eta Getariako arrantzaleekin gu hasi ginen probak egiten. Egia da hau dena berria izan dela denontzat, eta zaila izaten ari dela egoera kudeatzea.

 

Denak ikasten ari gara. Instituzioak eta herritarrak.

Hori da.