Larunbateko "bertso-magia" ikuskizunerako izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 23a, 08:00

Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak, euskararen erabilera sustatzeko antolaturiko Mintzalagun egitasmoak 10 urteko bidea jorratu du Usurbilen. Urtemuga berezi honen harira, "bertso-magia" ikuskizuna antolatu dute larunbat honetarako, irailaren 26rako. Erik magoa, Asier Azpiroz eta Eli Pagola bertsolariak bilduko ditu emanaldiak. Emanaldirako izena irailaren 23a baino lehen bideratu beharko da usurbilkultura.eus atarian.

Bidelagun eta bidelarien arteko elkarlanaz euskararen erabilera ahotan hartzea sustatzea helburu nagusi duen Mintzalagun egitasmoak 10 urte bete ditu Usurbilen. Urtemugarako ospakizun ekitaldia antolatu dute irailaren 26rako 18:30etan Dema plazan (euria bada Sutegin) Usurbilgo Udalak, Etumeta AEK euskaltegiak eta NOAUA! K.E.-k.; bertso-magia ikuskizuna Eriz magoarekin eta Eli Pagola eta Asier Azpiroz bertsolariekin. Hitzordurako irailaren 23a baino lehen izena eman beharra dago usurbilkultura.eus atarian.

"Eriz magoak eta Eli Pagola eta Asier Azpiroz bertsolariek euskararen erabileraren inguruko hausnarketa eta burutazioez girotuko dute arratsaldea. Hizkuntza protagonista, denetariko magiaz gozatzeko parada izango dute, beraz, bertaratzen direnek", iragarri dute antolatzaileek.

Esan beharrik ez da; hitzordu hau bizi dugun osasun krisialdira egokitua egongo da, beharrezko prebentzio neurri artean ospatuko da. 

Matrikulazio garaia euskaltegian
Euskara ikasteko maila guztiak, Mintzalagun, autoikaskuntza… eskaintza zabala aurten ere euskaltegian. Urriaren 5ean abiatuko den 2020-21 ikasturte berrirako matrikulazio epea zabalik dute Etumeta AEK euskaltegian. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es