Ostalaritza hizpide

Antxeta jatetxea: “Jendea ateratzeko gogoarekin ikusten dugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 23a, 10:09

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Antxeta tabernako Iñigo Urruzola NOAUA!rekin. 

Zer nolako hasiera izan duzue?
Iñigo Urruzola: Martxoan hasi behar genuen baina covid19a tarteko ekaina bukaeran hasi ginen.

Bezeroen aldetik, zer harrera izan duzue?
Ekainean kosta zen pixka bat, gero uda nahiko ondo joan da. Egia da badela jendea oraindik beldurrarekin. Bada jendea lehen gehiago etortzen zena eta orain berriz etxean geratzen hasi direnak. Bestela orokorrean jendea ateratzeko gogotsu ikusten dugu.

Nola moldatu zarete araudi berrietara?
Momentuz ez da gehiegi nabarmendu gehienbat kanpoan lan egiten dugulako. Kanpoan hobeto mantentzen dtugu distantziak arazorik gabe. Baina orain negua datorrela, mahairen bat kendu beharko dugula pentsatzen dut. Terraza kenduta, barruan ezingo dugu orain arteko lan berdina egin, egoerara moldatu beharko dugu.

Moldatzeko zer beharko zenukete?
Terrazak beste modu batera itxi ahal izatea, kanpoan ere lan egin ahal izateko. Ez dakit erarik egongo litzatekeen karparik jarri eta bertan lan egin ahal izateko. Jangela nahiko txikia da. Udan jangelan lan egiten dugu kanpokoa betetzen dugunean, hemen oso gutxi sartzen dira eta distantziak mantendu ahal ditzakegu. Baina jangelan gehienbat langileekin lan egiten dugu bazkalorduan. Horregatik ondo etorriko litzaiguke kanpoan terraza itxi ahal izateko zerbait izatea.

Gertuago, erosketa bonuen kanpaina; zer nolako harrera izaten ari da zuenean?
Badira bertako langile batzuk bonuak hartzen dituztenak, aste guztirako egiten dute menua hemen. Koadrilei edo familiei ondo datorzkie. Koadrila handi bat duzunean ondo daude bonuak, gehienbat bonu handiak behar ditugu. Bonu txikiek lan gehiago ematen dute apuntatzen eta gordetzen. Baina oso ideia ona dela uste dut eta guri gustatzen zaigu.

Bezeroak beharko dituzue hurrengo hilabeteetan. Zer esan haiei?
Egoera honekin bizi behar dugu une honetan eta gozatzen jarraitu behar dugu. Eduki ditugu hilabeteak etxean izan garenak jendearekin egon gabe eta animatu behar gara orain. Mugimendua behar dugu baita.