Ostalaritza hizpide

Txirristra taberna: “Jendea ateratzeko gogoz zen eta gu ere bai”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 23a, 10:00

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Txirristra tabernako Doltza Begiristain Naldaiz NOAUA!rekin. 

Nola oroitzen duzu taberna ixteko martxoko agindua?
Doltza Begiristain Naldaiz: Ez nuen sinistu nahi. Esan zidatenean sukaldera sartu eta negar batean hasi nintzen. Baina errealitatea etorri zen azkenean. Beldurtuta.

Hiru hilabeteko itxialdiak nola eragin dizue?
Nituen aurrezkiak pikutara joan dira. Biltegiko izozkailua janariz betea nuen eta eskerrak horri. Elkargik atera zuen laguntza bat, eman zidaten baina bi hilabete pasa ondoren. Ondo etorri da laguntza taberna ireki eta gerorako, ze oraindik gastu guztiak ezin ditugu ordaindu tabernatik ateratzen denarekin.

Ireki zenutenetik hainbat neurrietara egokitu beharra tokatu zaizue.
Beldur askorekin ireki genuen, ia jendea nola etortzen zen. Jende gutxiago etortzen zen, ezin jende gehiago hartu, zuk lan bikoitza. Ordutegiagatik lankide denak atera behar izan nituen ERTE-tik. Hilabetetotan salbatu gaituena eguraldia eta udalak terraza handitzeko emandako baimena izan da.

Nolako erantzuna jaso duzue bezeroen aldetik?
Ona izan da. Jendea ateratzeko gogoz zen eta gu ere bai.

Gertuago erosketa bonuen egitasmoarekin bat egiten duzue. Zergatik?
Gehienbat bezeroengatik, ez diru aldetik, baizik eta bezeroak pozik izaten laguntzen du. Gusturago eta gehiagotan etortzen dira. Azkenik bien arteko oreka bat da.

Oreka hori mantendu behar hurrengo hilabeteetan. Nola aurreikusten duzu datorren udazken-negua?
Ez dut asko pentsatu nahi, bestela estutu egiten naiz. Gerora begira ere hartuko dituzten neurriekin pixka bat beldurtuta gaude. Usurbilen zorte handia izaten ari gara eta eskerrak. Ia neurri horiekin nola egiten dugun, ia ez diguten gehiago murrizten. Eguraldi txarrarekin terraza hori ezingo dugu mantendu. Barrua dagoen bezala dago, betetzen denean eta jendea eserita dagoenean ezin zaio gehiagori zerbitzatu, horrek asmo mugatzen du. Orain toldo bat jartzeko asmoa dut, horrek hiru mahai gehiago jartzeko aukera emango digu.

Bezeroak bidelagun izan beharko dituzue. Zer esan haiei?
Denon artean ahal duguna egin eta ahal dugun hoberen eraman dezagula. Ez dugu inor kanpoan utzi nahi, ez zaigu guri komeni eta haiek ere ez dira gustura egongo horrekin. Denon arteko konpromisoa oso ona eta polita da, horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen du.