Datorren Euskaraldiarekin bat egitea, gaurko udalbatzarreko hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 24a, 15:40

Udalak ostegun honearako deitutako uda osteko lehen udalbatzarrak denetariko kontuak dakartza; Euskaraldia, Moriako errefuxiatuen eremua, Oinarrizko Lanbide Heziketa edota pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna hartuko dute ahotan.

Iraileko azken ostegun honetarako (hilak 24) deitu du Udalak uda osteko lehen udalbatzarra, 18:00etan pleno aretoan. Denetariko gaiak hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek. Batetik, hurbiltzen doan urte amaierako 2. Euskaraldia. Oraingoan ariguneen bidez maila kolektiboan gauzatu nahi da, euskararen erabilera sustatzeko ariketa. Udalak ekimenarekin bat egingo duen adierazpen instituzionala aurkeztuko du ostegun honetako udalbatzarrean.

Udalak helarazitako gai zerrendan gainera, bada bigarren adierazpen instituzional bat ere; milaka errefuxiaturen "bizilekua" izan den Greziako Moriako kanpalekuan izandako sutea hizpide duena.

Mozio bat ere bozkatzekoak dira udal taldeak, urriaren 17ko pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari buruzkoa hain zuzen.

Hezkuntza alorreko gairik ere izango dute; Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko eskumena eskuordetzen duen akordioaren indarraldia luzatzeaz erabaki beharko dute.

Eta Usurbilgo Udaleko alkateak tartekatutako errekerimendu bat berretsi edo ez ere bai, "Lasarte-Txikierdi bizikleta eta oinezkoentzako bidea egiteko proiektuaren 2. fasearen ingurukoa (Donostia-Mutriku artekoa).


UDALBATZARRA
Eguna: irailak 24, osteguna.
Ordua:
18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1-2020/06/25eko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2020ko uztailaren 13tik abuztuaren 31ra (2020/521-2020/670).
3-Lasarte-Txikierdi bizikleta eta oinezkoentzako bidea egiteko proiektua, 2. fasea (2. ibilbidea: Donostia-Mutriku). Alkateak tartekatutako errekerimendua berrestea.
4-Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko eskumena eskuordetzen duen akordioaren indarraldia luzatzea 2020-2021 ikasturtean.
5-Usurbilgo Udala Euskaraldira atxikitzea eta Adierazpen Instituzionala.
6-Mozioa: Urriak 17, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna.
7-Adierazpen Instituzionala: Moria pertsona errefuxiatuen eremuan gertatutako sutea.
8-Galdera-eskaerak.