Abisu horian ostiralean, udazkeneko lehen denboralearen eraginez

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 24a, 08:00

Udazkeneko lehen denboralea ate joka dugu. Bihartik euri mardula eta haize bolada gogorrak izango ditugula dio Euskalmet meteorologia agentziak egin duen iragarpenak. Abisu horia ezarri du gauerditik aurrera.

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian egongo gara ostiral egun osoan zehar; "zenbait lekutan 50-60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke, bereziki Gipuzkoa ekialdean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta zenbait tokitan handiak izan daitezke. Prezipitazioa iraunkorra eta ugaria izango da, bereziki ekialdean".

Gauerdian hasi eta ostiral arratsaldeko 18:00ak arte abisu horian izango gara baita "prezipitazio handiagatik". Tarte horretan, Euskalmet-en arabera, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, ordubetean, 15 l/m² pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan handiak izan daitezke".

Ostiral haizetsua
Haizeagatik ere abisu horian egongo gara gaur gauerditik ostiral iluntzeko 21:00ak arte. "Ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete kostaldeko haizeguneetan. EAE-ko gainontzeko haizeguneetan ipar-mendebaldeko haize-boladak 90-100 km/h ingurukoak izan daitezke. Bestalde, EAE-ko gainontzeko lekuetan ipar-mendebaldeko haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki eguerdi partean eta kostaldetik hurbil".

Abisuokin, ostegun honetan Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egin dezake gauean. Goizean goiz hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldearen amaieran ziertzoa. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da; minimoak azken orduetan neurtuko dira". Bihar (irailak 25); "goibel eta oso euritsu. Noizbehinka ekaitzak joko du. Ipar-mendebaldeko haize gogorra ibiliko da; arratsalde-gau partean indarra galdu egingo du. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus