Martxan da "Oinherri" garatzeko lan taldea

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 24a, 11:55
"OinHerri" egitasmoko lan taldeak egunotan Potxoenean egin duen bilkura. Argazkiaren egilea: Usurbilgo Udala.

"Oinherri" herri hezitzaileen sarean txertatzea erabaki zuen udalbatzak iragan otsaileko osoko bilkuran. Erabaki hura urtebeterako sinaturiko hitzarmen batean islatu zuten egitasmoko sustatzaileek eta Udalak. Egunotan bildu da lehen aldiz, "Oinherri" proiektuaren bueltan Usurbilen osatu den lan taldea.

Potxoenean bildu da asteazken honetan "Oinherri" herri hezitzaileen sareko kide den Usurbilgo lan taldea. "Dinamika bat martxan jartzeko asmoa dute. Dena den, azaldu dutenez, ikasturterako helburuak finkatu eta publikoki aurkeztuko dituzte euren asmoak", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. 

Egunotan bezala aurrerantzean hilero biltzen segiko du, udal ordezkari, herri eragile eta norbanakoez osaturiko lan talde honek, "foro iraunkor bat sortzea helburu". 

Esperientzien ezagutza eta eragileen arteko sinergiak sustatzea
Usurbil "Oinherri" herri hezitzaileen sarean txertatzea erabaki zuen udalbatzak joan den otsaileko osoko bilkuran. Erabaki hura, hitzarmen batean islatu zuten ekainean Udalak eta Oinherri egitasmoaren sustatzaileek. "Oinherriko kide da Usurbil: sare horren parte diren beste herrien esperientziak ezagutu eta aisialdiarekin lotutako herriko eragileen arteko sinergiak sortu asmo dute". 

7 kontzeptuetan oinarrituriko aisia-eredua proposatzen du OinHerrik. "Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea;  eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea".

15 udalerri edo auzoek bat egin dute jada OinHerri egitasmoarekin; Asteasu, Azpeitia, Bergara, Baztan (Elizondo), Dima, Egia (Donostia), Hernani, Mañaria, Oñati, Ordizia, Orio, Otxandio, Pasaia, Zumaia eta haiekin Usurbil.

Informazio gehiagorako: herrihezitzailea.eus

Erlazionatuak