Udalbatzarra

Moriako errefuxiatuen eremuko sutearen harira erakunde adierazpena onartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 08:27

Urruti dagoen errealitatea iruditu arren, "gertuko begiradaz" so egiteko beharra azpimarratu zuten osteguneko udalbatzarrean udal gobernu taldetik, berriki Greziako Moriako pertsona errefuxiatuen eremuan jazo den sutearen harira. "Europako auzolotsa" gisa definitu zuen errealitate bidegabe honi lotutako erakunde adierazpena aurkeztu zuen udal gobernu taldeak; aho batez onartu zuten osteguneko udalbatzarrean.

Udal talde guztien babesa jaso zuen erakunde adierazpenak elkartasuna adierazten die "bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei". Era berean bere burua "harrera hiritzat" hartuta, "gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du".

Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginda, "iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere".

Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei "premiazko neurriak" hartzea eskatzen diote "krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko": elkartasuna eta justizia oinarri hartuta, pertsonak lehenetsi eta giza eskubideen zaintza bermatuko duen immigrazio eta asilo politika bateratua sustatzea, eta pertsonok hartzeko beharrezko bitartekoak bideratzea. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari aldiz, "Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die". 

MORIA PERTSONA ERREFUXIATUEN EREMUAN GERTATUTAKO SUTEA DELA-ETA ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Badira bost urte Morian, Grezian, pertsona errefuxiatuentzako eremua sortu zenetik. Hasieran 3.000 pertsonentzat sortutako eremu hau kontrolik gabe hazi eta hazi da (gaur egun 12.000 lagun ditu), Europak beste alde batera begiratu duen bitartean eta estatuek pertsona errefuxiatuak artatzeko konpromisoa (2015 eta 2016 artean sinatutako banaketa kupoa) alboratu duten bitartean.

Hirugarren sektoreko eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek behin eta berriro salatu dute Morian bizirauten duten pertsonen baliabide falta. Mundu mailako osasun alarma egoerak eta azkenaldiko eraso ultraeskuindarrek bizi baldintza horiek zaildu egin dituzte.

Azkenean, Moria lehertu da. Lau sute txikirekin hasi zena sute erraldoi bihurtu zen, Europako errefuxiatuen esparrurik handiena errez. Atzoko datuen arabera, 35 pertsona errefuxiaturen positiboa baieztatu zen, COVID19 birusaz, eta beste 125 pertsona berrogeialdi hertsia egiten ari ziren. Horrelako eremu batean ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, ezta gutxieneko distantzia mantentzea ere, higiene neurriak bermatzea...

Sutea dela eta, bertako biztanle guztiek ihes egin behar izan dute. Batzuek zuten gutxia gainean hartzeko abagunea izan dute; beste batzuek, aldiz, zeuden bezala alde egin dute.

Orain, 12.000 lagunetik gora sabakanatuta daude Moria inguruan. Jendea sabakanatuta dago, haurrak galduta daude beraien gurasoengatik galdezka, lagundu gabeko adin txikiko haurrak identifikatzen saiatzen ari dira, ur eskasia dago eta etengabe hori eskatzen ari dira.

Elkarte eta erakundeak egoeraren mapeoa egiten ari dira, pertsona errefuxiatuak non pilatu diren aztertzen eta janaria nola banatu eta haiengana nola heldu baloratzen. Lan hori egiten ari direnen artean, Zapoareakeko kideak daude, gaur egun zerbitzu oinarrizko bat ematen dauden erakunde banaketakoak direlarik.

Horiek horrela, EH Bildu udal taldeak, honako hau proposatzen du:
1-Usurbilgo Udalak "harrera hiritzat" du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.

2-Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.

3-Usurbilgo Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela inmigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela ere eskatzen die.

4-Usurbilgo Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.