Udalbatzarra

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari buruzko mozioa aurrerago onartzekotan geratu dira

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 08:03

Urriaren 17ko pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari lotutako mozioa aurkeztu zuen udal gobernu taldeak osteguneko udalbatzarrean. Aurkeztu arren mahai gainean uztea erabaki zuten, gaia landu eta aurrerago erabateko adostasunarekin onartzeko.

EAJ-k mozioa mahai gainean uztea eskatu zuen. Adierazpeneko eduki nagusiarekin bat egin arren, pobrezia murriztu baino desagerrarazteko konpromiso politikoa hartu beharraz mintzatu zen Andoni Atxega udal ordezkaria. Egoera ekonomikoa hobetu eta enplegu sendoa bultzatu beharra ere aipatu zuen duintasunez bizitzeko. 

Ideion bueltan, mozioaren inguruko lanketa bideratu eta udal taldeen erabateko adostasuna biltze aldera, mozioa mahai gainean utzi eta hurrengo udalbatzar batean onartzea proposatu zuen. Udal gobernu taldetik gai honen bueltan adostasun politiko handiagoa izate aldera, EAJ-ren eskaerarekin ados agertu zen, mozioaren eskakizuna pobrezia errotik deuseztea dela gogorarazita. PSE-ko udal ordezkari Francisco Suarezek ere bat egin zuen gainerako udal taldeekin.

Hemen duzue, mahai gainean utzi eta aurrerago onartzekotan geratu diren mozioaren edukia osorik. Pobrezia murrizteko beharrezko neurriak hartzeko prestasuna agertzen zuen mozioak, gure babes-sistema covid19-ak eragindako beharretara egokitzea, edota Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du:

URRIAK 17, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari buruzko mozioa
Urriaren 17an, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Nazio Batuen "Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidarietan" jasotzen den moduan: "aurrekaririk gabeko garapen ekonomiko, bitarteko teknologiko eta finantza-baliabideen maila duen mundu honetan, eskandalu morala da milioika pertsona muturreko pobrezian bizitzea". Gure gizarteari ez zaio arrotza "eskandalu moral" hau.

Covid19-aren krisia hasi aurretik, datu eta adierazle gehienek argi erakusten zuten herritarren bizi-baldintzek okerrera egin zutela. Egia da herritarren zati batek Atzeraldi Handia "gainditu" zuela, baina beste zati batek ez zuen egin, eta are garrantzitsuagoa dena, egitetik gero eta urrunago zegoen. 2018an, Euskal Autonomia Erkidegoan 270.294 pertsona ongizate-gabezia egoeran zeuden, duela bi urte baino 40.000 gehiago, eta 130.965 pertsona zeuden benetako pobrezian, duela bi urte baino 8.000 gehiago. Aurreko guztiari gehitu behar zaio arazo nagusietako bat zela lau familietatik batek ez zuela gaitasunik epe ertain eta luzera bizi-baldintza duinak bermatzeko; gure herrian ehunka mila pertsonak ezin zioten aurre egin ezusteko bati, Covid19-aren krisiak eragindakoa, esaterako.

Bestalde, genero, adina eta jatorria faktore erabakigarriak dira pobrezia egoeran aurkitzeko. 2008an, benetako pobrezia-kasu guztien %33,9 emakumeak buru ziren familietan kontzentratzen ziren, eta 2018an, hau da, 10 urte geroago, %50,6. Adin-taldeei erreparatzen badiegu, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen egoera da azken urteetan gehien okertu dena. Posizio sozial desberdinen arteko "igogailuek" funtzionatzeari utzi diotenez, pobrezia gurasoengandik seme-alabengana heredatzen da; hau da, pobreziak eragin berezia eta erabakigarria du haurtzaroan. Eta, gainera, larri zeuden kolektibo hauek bereziki astindu ditu Covid19-aren krisiak.

Baina pobrezia ez da alderdi ekonomikora mugatzen, Nazio Batuen Printzipio Gidarietan jasotzen den moduan "dimnetsio anitzeko fenomenoa da, eta diru-sarreren eta duintasunez bizitzeko oinarrizko gaitasunen falta barne hartzen du (...) muturreko pobreziaren ezaugarri nagusia eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen askotariko urraketak eta elkarri lotutakoak dira". Beraz, eman beharreko erantzunak izaera dimentsio aniztuna kontuan izan behar dute pertsona guztien autonomia materiala eta erabateko integrazioa lortzeko.

Batzuek sinetsarazi nahi digute pobrezia arazo pribatua dela, banakako portaeren ondorio "logikoa". Pobreziaren irauntzak gizarte osoari eragiten dion arazoa da. Arazo publikoa da. Eta, beraz, politikoa. Azken urteetan gurean pobreziari aurre egiteko ezagutu ditugun politika publikoek trantsizio baten beharrean daude. Urgentziazko norabide aldaketa izan behar du; aurkitzen garen krisia ezin da aitzakia izan, aitzitik, jarduteko pizgarria izan behar du.

Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udaleko Osoko Bilkurak adierazten du:
1-Pobreziaren murriztearekin konpromiso irmoa adierazten dugu. Horregatik, honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurri ekonomiko, sozial eta fiskalak hartzeko prestutasuna agertzen dugu. Besteak beste, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak funts propioekin osatzeko konprometitzen gara.
2-Jaurlaritzari eskatzen diogu premiazko neurriak hartu ditzan gure babes-sistema (DSBE/EPO/GLL) Covid19-arekin krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko. Eta epe labur eta ertainera, banakotasunaren, unibertsaltasunaren eta baldintzarik ezaren printzipioetan oinarritutako babes-sistema baten aldeko pausuak eman ditzan. 
3-Gizartean pertsonen erabateko integrazioa lortzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zentraltasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso honi atxikitzeko eskatzen diegu gainerako erakundeei. Helburu hau hurrengo urteko aurrekontuen eztabaidan islatuko da.