Abisu horian asteburuan, udazkeneko lehen denboraleagatik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 25a, 08:10

Udazkeneko lehen denboralea tarteko, abisu horian izango gara asteburuan euri zaparrada eta haize ufada gogorrengatik. Azken orduotan gogotik ari du euria eta haize bolada gogorrak ditugu.

Udazkenean ofizialki asteartean sartu eta bete-betean murgildu gara jada. Heldu da urte garai honetako lehen denboralea; euria gogotik ari du azken orduotan, haizea ere indartsu dabil. Abisu horian izango gara asteburuan hain zuzen, euri zaparrada eta haize ufadengatik. Abisu ezberdinak izango dira indarrean hurrengo bi egunotan. Haizeari dagokionez, ostiral iluntzeko 21:00ak arte haizeguneetan, "haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete kostaldeko haizeguneetan. EAE-ko gainontzeko haizeguneetan ipar-mendebaldeko haize-boladak 90-100 km/h ingurukoak izan daitezke. Bestalde, EAE-ko gainontzeko lekuetan ipar-mendebaldeko haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki eguerdi partean eta kostaldetik hurbil". 

Larunbat arratsaldean berriz, 18:00etan hasi eta gauerdira arte. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete kostaldeko haizeguneetan. Kostaldetik hurbil dauden eta haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Ekaitz giroa
Euriari dagokionean, "prezipitazio iraunkorragatik", igande goizeko 6:00ak arte izango da abisu horia indarrean. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdean. Ostiralean kantauri isurialdeko zenbait lekutan 40-60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke, bereziki Gipuzkoa ekialdean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta zenbait tokitan handiak izan daitezke. Prezipitazioa iraunkorra eta ugaria izango da, bereziki ekialdean". Larunbatean, "50-60 l/m² pilatu daitezke Bizkaiko zenbait lekutan eta 60-70 l/m² Gipuzkoako zenbait lekutan, bereziki ekialdean. Euri txiki-ertaina egingo du, iraunkor eta ugari, bereziki arratsalde-gauean, orduan zaparrada trumoitsuak eta handiak bota ditzake". Igandean "euri txiki-ertaina egingo du, bereziki goizaldean eta orduan baliteke zenbait lekutan prezipitazioa iraunkorra eta ugaria izatea".

Prezipitazio handiagatik beste bi abisu hori iragarri ditu Euskalmet-ek. Bat, ostiral arratsaldeko 18:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, ordubetean, 15 l/m² pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan handiak izan daitezke". Bigarrena, larunbat arratsaldeko 18:00etatik gauerdira. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, ordubetean, 15 l/m² pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan handiak izan daitezke".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus