Xua Gurasoekin Etxera

Senideen arteko hartueman gertukoena bermatzea eskatu diote 3 udal taldeek Aranjuezko espetxe zuzendariari

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 26a, 12:57

Senideen arteko komunikazio ahal bezain gertukoena bermatzea eskatu diote Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru taldeek, EHBilduk, EAJ-k eta PSE-k gutun bidez, Aranjuezko espetxe zuzendariari. Duela bi urtetik baldintzapean aske behar zuten arren, oraindik orain Aranjuezko espetxean diren Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak eta haien haur jaioberri Maddik, haien artean elkar komunikatzea bermatzea; eta gauza bera, handik ehunka kilometrora Usurbilen bizi den Xuarekin eta hurbileko familiartekoekin. 

Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez plazaratu duen gutunak Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak, Olatzekin den Maddi alaba jaio berriak, eta urte hasieratik haiengandik ehunka kilometrora Usurbilen bizi den Xuak eta gertuko senideek bizi duten egoera deskribatzen du. Komunikazioak etenda dituzte egun, covid19-aren eragindako osasun krisialdia dela eta. 

Horixe eskatzen diote Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolak eta PSE-ren bozeramaile Patxi Suarezek sinaturiko gutunak, Aranjuezko espetxe zuzendariari; senideon arteko ahalik eta gertutasun handieneko hartuemanak berma ditzatela.

Bi eskaera nagusi proposatzen dizkiote aipatu espetxeko zuzendariari. Adibide moduan; elkarbizitza "bis a bis" bisitak edo bideokonferentzia bidezko deiak baimentzea. Halere, espetxealdi amaieran egonik, ohiko bide legaletatik eta eskatutako baldintzak aintzakotzat hartuta, Olatz eta Patxi komunitatean bizitzera itzultzeko moduan direla gogorarazten diete. Olatzek eta Patxik hain zuzen, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta dituzte eta egungo araudia eskutan, 2018az geroztik baldintzapean aske behar zuten. Gaurkoz ordea, 2021eko ekainerako diete jarria irteera data.

Segidan duzue gutuna euskaratua. Jatorrizkoa, erdaraz idatzitakoa beherago duzue Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez zabalduriko irudian. 

GUTUNA
Aranjuezko espetxeko zuzendari jauna
Beheko sinatzaileok, Usurbilgo Udaleko zinegotziak, zuregana zuzentzen gara, zuk zuzenduriko espetxean diren Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak osaturiko bikotearen zirkunstantziengatik, eta hilabete gutxi izan eta espetxe berean amarekin den haien alaba Maddirengatik.

Jakitun izango zarela suposatzen dugu, iragan urtarrilean bien alaba helduenak (Xuak) espetxea utzi zuela hiru urte bete ostean. Ordutik, behin bakarrik ikusi ahal izan ditu bere aita eta bere ama (otsailaren 27an, familiak aipatu duenez). Covid19-aren pandemiak eragindako konfinamenduaren ondorioz hilabeteetan eten ziren komunikazioak, baina berrartu zirenean, ez dute elkarbizitza bisita bakar bat ere izatea lortu. Uneotan, berriz etenda daude. Lokutorio bidezko bisiten aukera Xuaren kasuan kaltegarria litzateke, gurasoekin hartueman fisikorik eduki ahal izan ezina guztiz ulertezina izango litzatekeelako, eta frustagarria, duela hilabete gutxira arte uneoro amarekin elkarbizi izan den hiru urteko haur batentzat.

Ulertzen dugu pandemiak eragindako egoera kudeatzeko zailtasuna, zurea bezalako espetxe batean. Halere, senideen arteko harremanak mantendu eta garatzea bermatzeko, ahal bezain gertukoena den familia komunikazioa erraztea aztertzea eskatzen dizugu, espetxe barruan dauden gurasoei eta bere alaba txiki Maddiri dagokionean, baita Xuari dagokionean ere, eta hortaz, baita senide hurbilekoei (aiton-amonak) dagokienean ere.

Hala, Patxi, Olatz eta Maddiren kasuan uste dugu zure espetxean duzuen elkarbizitza moduluan biltzeko aukera legokeela adibidez eta Xuaren kasuan, elkarbizitza "bis a bis" bisitak edo bideokonferentzia bidezko deiak onartuta.

Zuk jakin dezazun, haien senideak gure udalerrian guztiz finkatuak dituzten gure herrikideek bizi duten egoerak herritar gehienen artean kezka eragiten duela. Egoera honekiko sarritan haien kezka eta ulertezintasuna helarazi izan diete haien ordezkari instituzionalei. Are gehiago, egoera hau aspaldi konpondua egon zitekeela eta egon behar zuela irizten diote, bi presoak espetxealdi amaieran baitaude eta ohiko bide legaletik eta eskatutako baldintzekin, komunitatean birgizarteratu daitezke. Horrek gauza hauei guztiei eta sufrimendu gehigarriei amaiera emango lieke, batez ere egungoa bezalako osasun testuinguruan.

Horregatik, Usurbilgo Udaleko kide instituzional guztiok egingarritzat jotzen ditugun gure kezkak eta eskaerak kontuan hartzea eskatzen dizugu eta ahal bada aztertzea. Aldekoa izatea espero dugun zure erantzunaren zain geratzen gara. 

Adeitasunez, 

Agurtzane Solaberrieta Mesa
Usurbilgo alkatea

Josune Urkola
EAJ-ren bozeramailea Usurbilgo Udalean

Patxi Suarez
PSE-ren bozeramailea Usurbilgo Udalean