Zubietako erraustegia

Usurbilgo EHBilduren adierazpena, herritar talde batek abiaturiko sinadura bilketaren harira

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 27a, 14:08

Herritar talde batek "ez hondakinik, ez dirurik erraustegiarentzat" aldarripean asteburu honetan abiatu berri duen sinadura bilketaren harira adierazpena plazaratu du Usurbilgo EHBilduk. "Herritar talde batek proposatu duen sinadura-bilketarekin ez dugu bat egiten", diote koaliziotik. Lerrootan duzue EHBilduren adierazpena osorik:

Sinadura bilketa dela eta
Erraustegiaren aurkako borroka luzean era askotako egoerak eta faseak egokitu zaizkigu. Egoerak egoera, Usurbilek beti azaldu du argi eta garbi zein den bere jarrera: ez dugu erraustegirik nahi, eta ez dugu proiektu hori inola ere babestu nahi.

Agerikoa da herritarren borondatea, hainbat modutan eta adierazpenetan emana. Egin ditugu manifestazio jendetsuak eta era guztietako protesta ekitaldiak, egin ditugu sinadura-bilketak, abiatu ditugu ezin konta ahala ekimen instituzional, astindu ditugu epaitegiak eta, are gehiago, herri honek erakutsi du hondakinak kudeatzeko modu alternatibo askoz egokiagoa bideragarria dela.

Udala eta herritarrok etengabeko lanean ari gara aspalditik hondakinak kudeatzeko Usurbil 0.0 eredu propioa garatzen, eta adostasunak eta inplikazioak ere bildu nahi ditugu, geure eredua indartzeko eta herri gehiagotara zabaltzeko. Jakin behar dugu baloratzen egindakoa, baina, erlaxazioan eta autokonplazentzian erori gabe, hobetzen segi beharra daukagu.

Bide horretan tinko ari garen bitartean, Gipuzkoako agintari erraustegizaleak kontrakarrean ari dira, besteak beste, beraien eredua eta gurea bateraezinak direlako. Errauste-planta baino askoz gehiago eraiki dute azken urte luzeetan. Arkitektura juridiko-instituzional osoa eratu dute alternatibei hegoak mozteko: GHK eta PIGRUG dira horren adibiderik nabarmenenak. Ondu duten makinariak baditu gutxienez hiru printzipio nagusi: a) Gipuzkoan sortzen diren hondakin guztiak legez GHKren esku geratu behar dute, b) erakunde horien baimenik gabe ez dago geure neurriko azpiegiturak eraikitzerik, eta, c) eraiki dituzten makro-azpiegitura kutsagarriak denon artean ordainarazten dituzte.

Gauzak horrela, herritar talde batek proposatu duen sinadura-bilketarekin ez dugu bat egiten. Bi arrazoirengatik: batetik, ez duelako ez dakigunik ekarriko (ondotxo dakigu zein den herritarren borondatea); bestetik, udala jopuntuan jartzen duelako, udalak ataka honen soluzio magikoa balu bezala. Harritu ere egin gaitu, orain baino lehen ere, udalak aztertu baititu makinaria horretatik ateratzeko dauden aukerak, ikuspegi juridiko, ekonomiko eta teknikotik. Argi eta garbi ikusi zuen baldintza hauetan bide hori urratzeak irteerarik gabeko puntura eramaten gaituela, aurkariei abantaila eman, errefusaren gaineko kontrola geureganatu gabe, eta babesik gabe. Ausardia ez, arduragabekeria litzateke.

Kontua ez da ea erraustegia elikatu nahi dugun ala ez, beraz. Borondate soila ez da aski. Kontua da nola; alegia, nola jokatu behar dugun erraustegia ez elikatzeko, eta nola egingo diogun aurre sortu duten makinariari, bide horretan Usurbilek dagoeneko egin duena galbidean jarri gabe. Usurbilgo Udalak dudarik gabeko konpromisoa eta ekimena erakutsi ditu, eta aurrerantzean ere elkarlanean aritu beharko da udalarekin, ez jopuntuan jarrita.

Gaur egun, erraustegia eraikita dagoela eta keak bistan ditugula, Usurbilek pentsatu beharra dauka nola segi aurrera borroka horretan. Determinazioa eta ausardia bezainbat beharko dira egoeraren diagnostiko egokiak, argitasuna eta batasuna. Batuta aritzea izan da eta izango da aurka ditugunei aurre egiteko modu eraginkorrena.

Herri-eragileekin, herritarrekin eta udalarekin batera, EHBildu prest da lan horretan aritzeko. Badakigu borroka zaila dela, baina badakigu borrokatzeak merezi duela.

Usurbilgo EHBildu