2020-21 ikasturtea

Etumeta AEK euskaltegian matrikulatzeko azken orduak

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 30a, 09:07

Urriaren 5ean abiatuko ditu euskara ikasi edota maila hobetzeko saioak Etumeta AEK euskaltegiak. 2020-21 ikasturterako gaurko (irailak 30) finkatua dute matrikulatzeko azken eguna. Izena eman dutenen artean da Dana Scarinci Zabaleta, Txokoalden bizi den argentinarra. 

Euskara ikasteko maila guztiak (A1, A2, B1, B2, C1, C2), Mintzalagun, autoikaskuntza… eskaintza zabala aurten ere euskaltegian. Urriaren 5arekin batera abiatuko den 2020-21 ikasturte berrirako matrikulazio epea zabalik dute Etumeta AEK euskaltegian. Asteazken honetarako (irailak 30) finkatua dute izen emateko azken eguna. Gogoan izan, matrikulazioaren %100 diruz laguntzen die Usurbilgo Udalak udalerri honetan erroldatuak dauden herritarrei, asistentziaren %80a egiaztatuta. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es

2020-21 ikasturte berrirako matrikulazioa bideratu duten ikasleen artean da Dana Scarinci Zabaleta Txokoalden bizi den argentinarra. 



Dana Scarinci Zabaleta, euskaltegiko ikaslea: “Hemen eguneroko bizimodua euskaraz egin ahal izatea nahi nuke”
Zabalik da Etumeta AEK euskaltegian matrikulatzeko epea (astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00/18:00-20:00 / 607 609 379/usurbil@aek.eus). Izena eman dutenen artean da Dana Scarinci Zabaleta. Argentinan jaioa, Valentzian hazia. Arbaso italiar eta leitzarrak dituen euskara ikaslea, duela urte gutxi heldu zen Donostiara. Ogibidez filologoa. Txikitan valentziarra ikasterik ez zuen izan, “beti sentitu nuen zerbait falta nuela. Badakit integratua sentitzeko garrantzitsua dela bertako hizkuntza erabiltzea”. Bere bizi proiektua Txokoalden garatuko zuela ikusita, ez zuen zalantzarik izan iaz. Etumeta AEK euskaltegiko 0 taldean izena eman zuen.

Nolakoa da 0 taldea?
Denak emakumeak ginen. Oso giro ona izan genuen hasieratik. Hiztegi oso erraza hasi ginen ikasten; aurkezpenak egiteko, aditzak, orainaldian hitz egiten ikasten duzu, oinarrizko hiztegia (eguneko asteak, erosketak egiteko, familiako hiztegia, ordua adieraztea…).

Urtebetean ikasitakoa nabari duzu?
Bai asko, ezer ez jakitetik zerbait jakitera igaro bainaiz. Haurrarekin kalean adibidez denek geratzen naute, haurrari hitz egiten diote eta askotan jendea euskaraz hitz egiten hasten zait. Gaur emakume batek galdetu dit umeak zenbat hilabete dituen. Iaz ez nuen ezer ulertuko, orain ezin izan diot euskaraz erantzun baina esandakoa ulertu dut. Ezer ez jakitetik pixkatxo bat jakitera dagoen aldea izugarria da.

Filologo bezala, euskarak zer izan dezake berezitik?
Euskara ikastea oso zaila dela esan da beti. Zaila da ez baitu beste edozein hizkuntzaren antzarik, esaldien egitura desberdina da. Gauzak alderantziz esan behar ditudala sentitzen dut, beste era batera pentsatu behar dudala edozer adierazi baino lehen. Jende askok dio euskara oso zaila dela, ikasi beharreko edozein hizkuntza da zaila. Baina baita ere pentsa daiteke oso interesgarria dela ikastea. Ezinezkoa da egunero zerbait eginda ezer ez ikastea.

Pandemiak baldintzaturiko ikasturte berezia bizi izan duzue.
Ikasturte erdia egin genuen aurrez aurre. Gero, etxetik segi genuen. Etxeko lanak bidaltzen zizkiguten.

Nolakoa izan da esperientzia telematiko hori?
Esperientzia aberatsagoa da klasera joanda. Aurten autoikaskuntzaren bidetik segiko dut. Nire aurtengo helburua; urte amaierarako elkarrizketak ulertu ahal izatea da. Ni hor nagoelako inork ez dezala hizkuntzaz aldatu beharrik izan. Eguneroko ahalegina ez da hainbesterainokoa. Ez estresatu. Gaur ikasten ez duzuna aterako da bihar.

Zertarako ikasi nahi duzu euskara?
Euskaraz ondo hitz egin ahal izatea, amaieraraino heltzea nahi nuke. Baina pixkanaka, nire erritmoan. Hemen eguneroko bizimodua euskaraz egin ahal izatea nahi nuke, hartara integratuagoa sentituko naiz, eta iruditzen zait jendea ere erosoago sentituko dela nire inguruan. Bestalde, haurraren bizimoduaren zati handi bat euskaraz izango da. Eta nik ere bizimodu zati horren parte izan nahi dut; eskola, lagunak… Hizkuntzak azkenean zure bizitzako arlo guztiei eragiten die.

Matrikulazio garaian gaude, euskaltegian izena eman duzu. Euskara ikastekotan den horri zer esan?
Apuntatu dadila. Pixkanaka ikasten joango zara, oso ondo pasako duzu, barre asko egiten dugu. Inor ez baduzu ezagutzen, euskaltegia jendea ezagutzeko aukera ederra da baita, hona bizitzera etorri berri direnentzat adibidez. Guk whatsappeko taldea dugu. Garrantzitsua da jendeak jakitea gainera, hemen %100ean diruz lagundua dagoela euskara ikastea. Azkenean doan ari zara euskara ikasten, a ze oparia!

Euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldia ate joka dugun honetan, Usurbilen euskara asko entzuten duzu?
Hemen jende askok euskaraz hitz egiten dit. Esfortzua egin behar da, gaztelania beti entzuten da leku guztietan.