"Izan bidea"

Preso eta iheslarien egoerari aterabidea ematea eskatu dute, Sarek deitutako mobilizazioan

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 3a, 14:18

Giro euritsua tarteko, hurrengo maiatzera atzeratu ditu Sarek Euskal Herriko 650 tontorretara igotzeko larunbat honetarako deituak zituen mendi martxak. Herrietako plazetan bilduta mobilizatu dira eguerdian; Usurbilen frontoian egindako ekitaldiak Andatzako igoera ordezkatu du. Deialdi guztiek xede bera zuten; preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea eman behar zaiola adieraztea. Aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi beharra dagoela exijitzea.

Mendi martxak atzeratu beharrean aurkitu direla adierazi arren, eskerrak helarazi ditu Usurbilgo Sare taldeak "eguraldi kaxkar honekin eta ekimena bertan behera geratu ostean, gure azken orduko deialdira gerturatu zaretelako eta baita mendien dinamika honen aurrean izandako erantzunagatik ere. Lan handia egin dugu eta pozik gaude". 

Goizean Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzekoak ziren milaka herritar batu dira eguerdian, herri anitzetako plazetan. Guztiak aldarri beraren bueltan mobilizatu dira. "Beste behin ere preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea eman behar zaiola adierazteko mobilizatzeko prest agertu gara Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak. Horrek egiten ari garen lana norabide egokian egiten ari garela eta behar beharrezkoa dela erakusten du. Jendarte honek konponbidearen bidean gauzatu nahi du preso eta iheslarien etxerako bidea eta elkarbizitza eta bakerako bidea".

"Norabide berean urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu"
Udaz geroztik Sarek abian duen "Izan bidea" dinamikaren bueltan urrats gehiago emateko borondate irmoa erakutsi dute. "Mendietara igotzeko ekimena atzeratu behar izan dugun arren, gaur eguerdian milaka gara herriko plazetan elkartzen ari garen herritarrak. Norabide berean urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu, bidea egiten jarraitzekoa. Eta horretarako, aurrera begira jartzen gara. Aurrera begira, aurrera egin nahi dugulako". 

Horretara, bidea egiten segitzeko gonbita luzatu du Usurbilgo Sare taldeak. "Aldapa malkartsu edo beherakada gogorrak datozela ere, aurrera eginez, bidea eginez dihardugu. Tontorra zein den badakigu; etxeratzea, elkarbizitza, bakea. Segi dezagun beraz bidea egiten, bidea izan daitezen lortuko dugu. Presoak etxera!", aldarrikatu dute eguerdian frontoian.

Hurrengo urratsa, urriaren 24an Donostian egingo den manifestazioa eta herritarrek eraikiko duten mosaikoa "Resolution" hitzaren bueltan. "Salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi eta presoen etxeratze prozesua abian jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu", iragarri du Sarek.