2020-21 ikasturtea

Egokitzapenak Kiroldegian, gaur hasiko diren igeriketa ikastaroen harira

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 5a, 08:55
Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegian ezarri duen seinaleztapen berria. Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Astelehen honetan abiatzekoak dituzten igeriketa ikastaroen harira, zenbait egokitzapen egin ditu Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegian; seinaleztapen berria jarri dute, ordutegiak berrantolatzearekin batera. Segidan dituzue Usurbilgo Udalak igerileku nahiz gimnasiorako finkatu dituen ordutegien berri.

Kirol ikastaroak abiatzearekin batera, jende pilaketak saihestu eta erabiltzaileen joan etorria errazteko Oiardo Kiroldegian eginiko zenbait egokitzapenen berri eman du Usurbilgo Udalak: zirkulazio marka berriak jarri eta txandak egokitu dituzte.

Igerilekuko ikastaroak egin artean “gainerako erabiltzaileen txandarik ez eskaintzea erabaki dute, aldagelen erabilera mugatzeko asmoz”. Txandak berrantolatu dituzte. Erabiltzaileak hiru multzoetan banatuak dituzte, “igerilekuetakoak, ikastaroetakoak eta gimnasiokoak”. Bakoitza kolore, aldagela eta komun bereziak izango dituzte. “Talde bakoitza modu independentean ibiltzea izan dute helburu. Kartelak berritu eta koloretako markak jarri dituzte lurrean, bakoitzak nondik joan behar duen eta zein espazio erabil ditzakeen jakin dezan. Talde bakoitzak erabil ditzakeen aldagelak eta komunak ere dagokion kolorea duen kartelekin adierazi dira”, Udaletik zehaztu duenez.