#Merkataritzahizpide

Oinutsik Podologia Zentroa: “Birus honek gertutasunak duen garrantzia erakutsi digu”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 7a, 08:36

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Oinutsik Podologiako Zentroko langile Naiara Fernandez NOAUA!rekin. 

Nola oroitzen duzu martxoko itxiera?
Gure itxiera pixka bat kaotikoa izan zen. Sanitarioak izanda, larrialdi kasuentzat irekia izan behar genuen. Ez genuen protokolo bat finkatua. Material falta zegoen, neukana beharra zuten tokietan banatzen aritu nintzen.

Itxialdiak zer eragin izan zuen zure zentroan?
Larrialdi kasuekin oso gutxi lan egin dugu. Diru sarrerarik ez, gastuak denak. Larrialdietarako zabalik ginela kontuan hartzen zutenez, laguntzetatik kanpo geratzen ginen. Gero hainbat sanitario eremuetako langileak elkartu ziren indarra egin eta laguntza jasotzeko, bestela bideraezina zen. Bezeroei dagokienean, konfinamendu ostean ikusi da oinek asko sufritu dutela berriz martxan jartzean. Postura aldetik ere hor bai lanketa polita izan dugu.

Itzulera mugitua beraz.
Bai. Gogotsu baina lan eta familia bizitza uztartzeko zaila. Lana gainezka. Protokolo oso zorrotzarekin hasi ginen eta lasaitzen joan da. Protokolo honen parte bat gure egunerokotasuneko funtzionamenduan sartua zegoen halere. Asko espaziatu behar ziren pazienteak barruan ez elkartzeko, garbiketa oso sakona egiteko, eta konturatu gabe goiza pasatzen zen.

Ezohiko egoera honetan egonkortu zarete?
Bai, nahiko. Inguruko herrietatik bezero berriak datozela nabaritu dut. Lehen adibidez Donostia erdigunera joaten zenak orain nahiago du toki txiki bat.

Laguntza premiarik nabarmenduko zenuke?
Gure laguntza handiena jendeak bere ohiko kontsumoarekin jarraitzea litzateke. Beldurrez ez, protokoloak mantenduta, errespetuz bizitzea.

Gertuago egitasmoa lagungarria izan zaizu?
Oso gustura nago. Osasun klinikak normalean halako ekintzetan ez dugu parte hartzen. Bezero bati bonu bat duela esatea beti da lagungarria.

Bezero horiei zer esan?
Protokoloekin jarraituko dugula, lasai asko etor daitezkeela.  Egoera honek erakutsi digu zer zortea izan dugun herri txiki batean bizita; dena gertu dugu, bertan kontsumitzeak asko lagundu die bezeroei, bai bertako komertzioei eta hala jarraitzeko.

Gertukoa zaintzeko deia.
Birus honek erakutsi digu osasuna lehenetsi beharrarekin batera, gertutasunak, bertan bizi eta bertan erosteak duen garrantzia. Herri handiagoetan dagoen jendea hona dator hori eskatzera, beraz baloratzeko hemen dagoena.