#merkataritzahizpide

Irati Ibargoien fisioterapia-osasuna: “Jendea lasai dator, badakielako protokoloak betetzen direla”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 7a, 08:30

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Irati Ibargoien Fisioterapia-Osasen guneko arduraduna NOAUA!rekin. 

Konfinamenduan zenbat denbora izan zenuten itxita?
7 astez maiatzaren 4ra arte. Ixteko agindurik ez genuen, baina 1,5 metroko distantzia bermatzeko betebeharra. Ohatilako tratamenduak eta taldekako saioak egiten ditugunez, ez zen bideragarria eta etikoki ez zen logikoa irekita mantentzea.

Zer eragin izan du itxierak?
Edozein arloetan izan dezakeen eragin ekonomikoaz gain, hasitako tratamendu batzuk bertan behera geratu ziren eta eguneroko jarduna eteteak lana pilatzea eragin zuen.

Zuen jardunean eta bezeroen osasunean ere eragingo zuen.
Telelana egiten ari ziren askok deitzen zigun lanean ote ginen galdetzeko. Inpotentzia handia sentitzen genuen. Artatu ezin genuen behar handiago bat sortzen ari zen gizartean. Urgentziak tratatzeko baimena genuen babeserako material eta protokolo guztiekin. Baina EAE-ko ia 400 fisioterapia zentrok batera materiala eskatu genion gure betiko banatzaile bati, ia hilabete beranduago iritsi zen materiala.

Eta bezeroen osasun egoerak ezin itxaron.
Eta jakin zutenean maiatzaren 4an martxan jarri ginela, bat batean denak deika. Lanerako itzulera kaotikoa izan zen zertxobait. Dena pilatu zitzaigun. Zentrua egokitu behar izan genuen itxialdian. Maiatzaren 4tik orain arte protokolo berarekin jarraitzen dugu; oinetakoak sarreran utzi, sarreran tenperatura hartu, ohatilan musukoekin tratatu, hidrogela, manparak…

Egoera “berri” honetan egonkortu zaretela esan liteke?
Nahiko lan badugu. Ikasturte hasierarekin, orain jende asko toki askotara presentzialki joaten hasi da. Jendea lasai dator, badakielako protokoloak betetzen direla. Txanda ematerakoan ez da beldur hori sumatzen baina behar handia bai.

Gertuago egitasmoarekin bat egin duzue. Zuenean zer harrera izan du?
Gure kasuan interesgarria iruditu zitzaidan formatu digital hau, gerora hortik mugimendua sortzeko. Erosketa-bonuen kasuan, gure zerbitzua azkenean jendeak erabiliko duela dakienez, egun eta erdian bonu guztiak gastatzen dira. Ondo iruditzen zait azkenean jendeak bere partetxoa aurreztu dezake, baina egia da denda motaren arabera gehiago kostako dela saltzea. Halere, ondo funtzionatu du. Jende heldua ere animatu da pixka bat.

Bezeroei zer esan?
Neurriak hartzen ditugun heinean beldurrez ezin gara bizi. Baina egia da kontuz ibili behar dela. Dugun protokoloa gizartea babesteko da, ez norbere burua babesteko soilik.